argia.eus
INPRIMATU
Zabalik da Zuberoako ikastolen aldeko saskiak erosteko epea
  • Aurten ere, Zuberoako Eperra ikastolak bertako produktuez osatutako saskiak salduko ditu Zuberoako ikastolei laguntzeko helburuz. Eskaerak abenduaren 4a baino lehen egin beharko dira. Ikaskoli webgunetik egin daiteke, bertako azalpenak jarraituz.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 07a
Tokian tokiko produktuez osatutako bi saski erosi daitezke.

Saski kopuruaren arabera, ordainketa transferentzia bidez edo webgunetik bertatik txartelarekin egin daiteke. Email bidez zehaztu behar da non jaso nahi duzun saskia. Behin eskaera eginda, saskiak abenduaren 12an bidaliko dituzte eskaera egin duenarengandik hurbilen dagoen entrega-lekura. Mapa honetan ikusi daitezke entrega-lekuak. Hogei saskitik gorako eskaria eginez gero entrega-leku berria zehaztu daiteke. Edozein zalantza izanez gero nikere@ikaskoli.eu email helbidera bideratu.

Bi otarre daude aukeran: Irati otarrea 51 eurotan eta Ahüzki otarrea 39 eurotan. Bi saskiek Zuberoako produktu ezberdinak eskaintzen dituzte. Besteak beste, ardi gazta, eztia edota patea.

Gastuei aurre egin, eta tokian tokiko produktuak ezagutzera eman

Ekimenaren helburua ikastolen egoera ekonomikoa hobetzea eta urteko  gastuak ordaintzea da, baita Zuberoako produktu eta ekoizleak ezagutaraztea ere. Ekimen honekin ikastolaren funtzionamendurako beharrezko dituzten sarreren %5a estaltzea espero dute. Gurasoek finantzazioaren %30 jartzen dute eta administrazioek %20. Gainerako %50 gizarte ekimenen bidez eskuratzen da.