argia.eus
INPRIMATU
Zuberoako ikastolen aldeko saski salmenta abiatu dute
  • Zuberoako ikastolak laguntzeko ekimen ezaguna 2003tik ari da martxan. Aurten ere ekin diote eta azaroaren 30era arte saskiak erosteko aukera izango da. Ikaskoli.eus webgunean azalpen guztiak bildu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 06a
Sohütako ikastolako haur batzuk. Argazkia: Xiberoko Botza

2003tik, Zuberoako ikastolek Gabonetarako otarrak prestatzen dituzte bertako ekoizpenekin. Eskaintza honen bidez, Zuberoako ikastolak laguntzeko eta bertako jakiak eta ekoizleak sustatzeko helburua dute antolatzaileek. ‘Ikaskoli’ izeneko saski salmenta kanpaina berriki abiatu da eta azaroaren 30ean bukatuko da. Eskaera online egiteko aukera dago ikaskoli.eus webgunearen bitartez.  Hiru saski daude aukeran: Ahüski (40€), Irati (55€) eta Orhi (70€).

Antolatzaileek azpimarratzen dutenez, Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik eta euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, "ikastolek bermatzen dute euskararen transmisioa". Zuberoako ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko "ekarpen garrantzitsua" da kanpaina hau ere.

Orain dela 17 urte, 2003an, banatu zituen Zuberoako Eperra Ikastolak lehendabiziko otarreak. Ekimen honekin ikastolen funtzionamendurako beharrezko dituzten sarreren zati bat estaltzea espero dute.

Argazki oina