argia.eus
INPRIMATU
Zuberoako ikastolak laguntzeko otarrea salgai jarri dute
  • Azaroaren 1ean hasiko da otarren salmenta eta ekimenaren aldeko zuberotarrek saskiak erosteko deia egin zuten astelehenean Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean egindako agerraldian. Kanpainarekin, halaber, Zuberoako produktuak eman nahi dituzte ezagutzera.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 29a

Abenduaren 1a arte iraunen du kanpainak eta hegoaldeko herritarrei laguntza eskaera egin diete Zuberoatik. 2003an hasi ziren ekimenarekin eta iaz 1.400 otarre saldu zituzten, Zuberoako bi ikastolentzat 15.000 euro bilduz.

Ekimenetik adierazi dutenez, "Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza gutxiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen". 

Egun, bi ikastola dira Zuberoan, Basaburuan, Alozeko herrian lehena. Pettarrean, Sohütako herrian bigarrena. Alozen 36 haur dira eskolatuak ama eskolan eta lehen mailan. Sohütako Epherra ikastolan 103 haur biltzen dira ama eskolatik lehen mailara.

Kolegioan Ikastolan jarraitzen duten haurrek Lartzabalera joan behar izaten dute. Eta lizeoari dagokionez aldiz, egun Baionakoa da Seaskaren lizeo bakarra.

Andoaingo agerraldian azaldu dutenez, "gaur gaurkoz murgiltze eredua burutik-buru soilik Seaskak proposatzen du. Seaskak eskaintzen duen eredua euskara berreskuratzeko bide eraginkor bakarra den heinean, ikastolen garapena lagundu behar da".

Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean erosi daitezke eta hauek eskuratzeko guneak webgunean hautatzeko aukera izanen da.

 

 

 

Ahüski saskiak 40 euro balio du.

 

 

 

 

 

 

Irati sakiak 52 euro balio du.