argia.eus
INPRIMATU
Zoru klausulen afera: bankuei arnasa emango dien lege dekretua prest du Espainiak
  • Zoru klausulen inguruan gobernuak, Ciudadanosek eta PSOEk adostutako lege dekretuaren zirriborroak ez ditu behartuko bankuak dirurik itzultzera. Halere, klausula horiengatik gehiegi kobratutakoa kalkulatzera behartuko ditu, salaketei atea irekiz.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 19a

PPren Gobernuak Ciudadanosen aldeko bozarekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin onartuko du lege dekretua. Europako Justizia Auzitegiak bankuek gehiegi kobratutako diru guztia itzuli beharko zutela erabaki zuenetik akordioa lortzen saiatu da Rajoyren exekutiboa. Eskaerek justizia eten zezaketenaren eta bankuetan dirua bat-batean itzultzeak eragin litzakeen arazoen beldur hartu du erabakia.

Kexa jasota, bankuek gehiegi kobratutako diruaren zenbatekoa eman behar diote bezeroari. Zenbaki hau desglosatuta eman beharko dute, interes kontzeptuan kobratutakoa erakutsiz. Entitateak uste badu dirurik itzultzeko arrazoirik ez dagoela, hauek ere azaldu beharko ditu.

Bezeroei kalkulatutako diru kopurua baino txikiagoa ematen bazaie, salaketa baten aurrean zenbaki guztiak eginak izango lituzkete. Hori da bankuen kexa nagusia. Epaileak hauei arrazoia emanez gero, bankuek falta den diruaz gain, epaiketa gastuak ere ordaindu beharko lituzkete.

Akordioaren beste berrikuntza baten arabera, bankuak behartuta daude bide honen berri ematera, bai webguneetan, bai sukurtsaletan. Prozesuaren gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da eta doakoa. Bankuek, beti ere, dirua itzultzearen ordez beste era bateko eskaintzak egiteko aukera izango du.

Salaketen bidea

Zirriborro honek ez du bezeroa prozedura estrajudizialetik igarotzera behartzen. Zuzenean salaketa jar dezake. Era honetan epaileak kalte ordaina bankuak eskaintzen duena baino txikiagoa izan beharko lukeela erabakitzen badu, bezeroak ez lituzke epaiketa gastuak ordaindu beharko. Bezeroen eskaeraren aurrean, kondenatua izan aurretik, bankuak eskatutakoa emanez gero, ordea, bezeroak ordaindu beharko ditu gastu horiek.

Kontsumitzaileen elkarteek ez dute akordioa begi onez ikusi, bezero askori zor zaion dirua ez itzultzeko aukera irekita dagoelako.