Hilaren 14ra bitartean Zorraren eta Nazioarteko Finantza-Erakundeen Aurkako Ekintza Globalaren Astea egingo da mundu osoan, Ez dugu zor, ez dugu ordainduko! lelopean, lekuan lekuko kolektiboek antolatuta. 2007az geroztik egiten da ekimen hau, Nairobiko Gizarte Foroan hala erabakita. Helburutzat du Nazioarteko Moneta Funtsa eta Munduko Bankua bezalako erakundeen "politika menderatzaileak" salatzea.
Espainiako Estatuari dagokionez, Zorraren Herri-Ikuskaritza plataformak (PACD) hainbat ekitaldi antolatu du aste honetarako. Erakunde horretako kideek diotenez, "1980ko hamarkadaz geroztik Amerika, Afrika eta Asiako herriekin gertatzen den moduan, Espainian eta Europa Hegoaldeko herrialdeetan, botere finantzarioen menderatze arma nagusia bilakatu da zorra". Haien hitzetan, Espainiako Estatuan "elite minoritario baten mesedetan eta gehiengoaren kaltetan" egin dira zorrak: "Zor pribatua zor publiko bilakatu da, eta herritarrok ordaindu beharko dugu".