argia.eus
INPRIMATU
27 noches
Zoro artean, irri
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 19a
27 noches

Film honek irekiko du gaur, ofizialki, Donostiako Zinemaldia, baita Sail Ofiziala ere. Daniel Hendlerrek zuzendu du 27 noches pelikula, hein handi batean errealitatetik asko duena. Baina ziur ez zela istorioa errealki hain arin iragan.

Martha Hoffmanek 80taka urte ditu, alarguna da, eta etxe handi eta luxuzko batean bizi da. Aberatsa da, ez dakigu zehazki zergatik, baina detaile horrek ez du batere axola. Kontua da bere bi alabak arduratuta daudela, itxuraz amak diru asko xahutzen duelako artelan garestietan, eta lagun arraroak-edo dituela uste dutelako. Edo hori, edo herentzia ongi zaindu nahi dute.

Psikiatriko batean ingresatuko dute, bere borondatearen kontrara. Hortik abiatzen da pelikula, eta apurka-apurka joango gara Hoffmanen bizitza ezagutzen. Hilabete baino gutxiagoren buruan, 27 gauren ondoren, ospa egingo du psikiatrikotik. Juizio bat egongo da; Casares perituak (zuzendaria da aktorea, Hendler) aztertu beharko du ea emakumea, alabek dioten moduan, zoratuta dagoen edo ez.

Hoffmanen bizitza kurioso samarra da, hala izan zela irakurri dut interneteko hainbat artikulutan ere, baina, ez dakit bada nik, hainbesterainoko tonu irrigarrian kontatu beharra ote zegoen filmean. Dena iruditu zait oso arina. Tira, Netflixek ekoiztu du filma eta hein batean ulergarri zait erabaki hori. Egia da, bestalde, filma aproposa dela barre egiteko, eta 108 minutu atsegin pasatu daitezkeela pantailari begira. Baina aho zapore gazi-gozoa geratu zait niri, bazirelako eszena batzuk eztabaida interesgarriak planteatzen zituztenak; esaterako, aberastasun handia metatzeari buruz, eta, era berean, diru kantitate esanguratsuak arteari eta arte proiektuei bideratzearen inguruan. Karamelua aho parean jarri, miazkada bi eman eta segituan kendu digute paretik. Ulergarri zait, edonola, bide horretatik segituta film honek ez zukeela jendea horren lasai eta gustura egotea lortuko.

Ostiral gau honetan Kursaalen egingo dute Zinemaldiaren 73. edizioaren irekiera ekitaldia. Silvia Abril, Toni Acosta eta Itziar Ituñok gidatuko dute saioa, “klasiko eta umoretsua” izango omen, eta, gero, Esther García zine ekoizleak jasoko du lehen Donostia Saria. Ekitaldiaren ostean emango dute aipaturiko pelikula. Barre algarak ez dira faltako.