Zorionak bai, baina lan handia dugu aurretik!

  • Ahaztezina izango zela esan genuen, eta ahaztezina egin dugu. Denon artean egingo genuela esan genuen eta denon artean egin dugu. Etxerako bidea eraikiko genuela esan dugu eta etxerako bidea eraiki dugu. Eta eraikitzen jarraituko dugu. Balorazio oso positiboa egiten dugu hilabeteetako esperientzia honetan. Indarrez eta arrazoiz pilatuta atera gara, lanean jarraitzeko asmoz.


2017ko abuztuaren 02an - 17:24
Milaka lagun batu ziren Hatortxu Rocken, argazkian Vendettaren kontzertuaren une bat.

Eskerrak eman beharrean gaude. Lehenik eta behin Lakuntzako herriari eta herritarrei. Haien etxeetako ateak ireki dizkigute eta lursailak utzi. Udal taldeari ere, gure alboan egoteagatik eta hau posible egiteagatik. Haiek gabe ezinezkoa litzateke izan dugun emaitza jasotzea. Lakuntzak asko eman digu eta Lakuntzari hau itzultzen saiatuko gara. Hasteko, herria utzi ziguten moduan itzuliz.

Puntu honetan kezka bat adierazi nahi dugu. Garbitasuna. Akanpalekua zabortegi handi baten antzera geratu da. Badakigu Hatortxu Rock 20 eremu handian egin dugula. Saiatu gara zaborrak biltzeko ontziak jartzen, baina ez gara dena ongi egokitzera iritsi. Garbitasun txandek ahal izan duten guztia egin dute, baina akanpalekuan sortutakoari ezin izan diogu aurre egin. Hala ere, astelehenetik lan bikaina egin dute boluntario askok eta garbi itzuliko dugu lursail hau ere. Dena den, zera azpimarratzea gustatuko litzaiguke: Etorkizunean herri hau eraiki nahi baldin badugu, ingurugiroa zaindu beharra daukagu. Errespetuak balore garrantzitsua izan behar du eta bai natura zein albokoa zaintzea ezinbestekoa izanen da. Akanpalekuak edo parkinak ezin dira horrela utzi.

Intentsitate baxuko hainbat eraso sexista

Eta kezka baino gehiago, gure haserrea adierazi nahi dugu beste gai batengatik. Intentsitate baxuko eraso sexista batzuk salatu dira, baita eraso lesbofobo bat ere. Batzuk, bai, baina bat bakarra gehiegizkoa da. Eraso hauek direla-eta bi pertsona kanporatu genituen. Hatortxu Rock denontzako esparru segurua izatea nahi dugu eta beraz, ez zarete ongietorriak. Izan argi parean aurkituko gaituzuela. Eraso hauen berri salaketa eta laguntza telefonora jo zutelako izan genuen. Honek ez du esan nahi eraso gehiagorik egon ez denik. Gizarte guztiaren ardura da emakumeek pairatzen duten eraso sexistekin amaitzea.

Orokorrean, aldiz, Hatortxu Rock 20aren balorazio oso ona egiten dugu. Elkartasun, aldarrikapen eta jai egunak izan dira. Milaka pertsona bildu dira egunero Lakuntzan. Kontzertu guneak bete egin dira, eta gainontzeko aktibitateetan (hitzaldiak, mendi martxak, tailerrak...) jende ugarik hartu du parte. Giro aparta sortu dugu guztion artean. Eta hau ere gerturatutako jende guztiari eskertu beharrean gaude.

Denon artean, edozer

Askotan eztabaida zoroetan galtzen gara gure artean eta aldiz, elkarlanean aritzen garenean gauza ikusgarriak lor ditzakegula erakutsi dugu beste behin. Denon artean lortu dugu Hatortxu Rock 20 hau herri honen memoriaren txoko batean gordetzea eta eskema bera jarraitu beharko genuke herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko. Hasteko, etxean falta ditugun guztiak gure artera ekartzeko. Garaipen sentimendu handi batekin bukatu genuen Hatortxu Rock 20, baina Kepa del Hoyo euskal preso politikoaren heriotzak erakutsi digu dena dagoela egiteko. Ez dugula galtzeko betarik. Denak etxean behar ditugula eta ez etorkizuneko data batean, gaur baizik.

Auzolanaren bitartez edozertarako gai gara. Erotzat hartu gintuzten askok proiektu honekin hasi ginenean. Zer esanik ez 6.718 boluntario behar genituela jakinaraztean. Ba lortu dugu! Lortu duzue! Inoizko auzolan erakustaldirik handiena eman duzue! (igandean txanda egitera gerturatzen zen jende bati jai eman behar izan genion). Guztion prestutasuna ere azpimarratzekoa da. Bihotzez, mila esker guztioi!!!

Eta ez bakarrik azken lau egunetan lanean aritu zaretenoi. Hilabetetan eta batez ere azken asteetan gure bizitzaren ezinbesteko makulu izan zaretenoi. Ezagutzen ez genituen lagun asko agertu dira azken asteetan proiektu hau posible egiteko. Gurekin bizitzen eta gurekin lanean. Lanez lepo baina etengabe. Familia izugarria osatu dugu.Gauza bera esan nahi dugu aurkezpen biran, Euskal Herriko hainbat txokotatik lagundu gintuzten herritar guzti horiei. Ederra egin dugu denon artean.

Elkarlana

Bestetik, NAIZi eskerrak eman beharrean ere bagaude. Elkarlanerako akordioaren bitartez, Hatortxu Rock 20ren dimentsioa handitu egin dugu. Zorionak egindako lan handiagatik eta mila esker gure bide hau aberasteagatik. Zorionak ere NAIZ guneko egitarau bikaina eta lan paregabeagatik. Modu berean, ez ditugu ahaztu nahi gurekin egon diren Info7 Irratia, Ahotsa, Eguzki Irratia, 11 Telebista, Topatu edo argazkilari guztiei.

Baina ez ahaztu. Hatortxu Rock ez da ezeren ez inoren amaiera. Ez da ezeren ez inoren helburu. Tresna bat gara. Etxerako bidea eraikitzen ari gara eta hau da gure tresna. Asko dugu egiteko, baina asko gara egiteko. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen etxerako bidea eraiki beharra daukagu. Elkartu, saretu, batu, sortu. Egin zure auzo edo herrian. Txikitik handira. Denok egin dezakegu zerbait eta denok gara ezinbestekoak mendeku krudel honi amaiera emateko.

Guk ez dugu Hatortxu Rock antolatzen jarraitu nahi. Baina hemen jarraituko dugu denak etxean egon arte. Bidean aurkituko garelakoan.

Mila esker hau posible egin duzuen guztioi!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude