1.150 enpresa edota norbanakok ia 1.300 milioi euroko zorra dute Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunekin. Erdia, gutxi gorabehera, Bizkaian. Gora egin du zifrak lurralde guztietan, Gipuzkoan izan ezik.
Araban 168 milioi euro, Bizkaian 595, Gipuzkoan 203 eta Nafarroan 322. Guztira, ia 1.287 milioi euro. Horrenbesteko zorra pilatzen dute zordun handi gisa hartzen diren enpresek eta norbanakoek Ogasunarekin; talde horretan sartzen dira zergetan eta zigorretan administrazioari 600.000 euro baino gehiago zor dizkiotenak. Hego Euskal Herrian 1.153 zordun handi daude, iaz baino 29 gehiago.
Zordun handien gehiengoa eraikuntzara, edo eraikuntzen promoziora, merkataritzara eta ostalaritzara dedikatzen da.
Bizkaiko Jabyer Fernández, bere familia eta bere enpresak dira zor gehien pilatzen dutenak nabarmen. Eraikuntza munduan dabiltza. Esaterako, Jabyer Fernándezena den Afer taldeak sortutako Habidite konpainiak 63 milioi euro zor ditu, eta, Fernández berak, norbanako moduan, beste 40 milioi euro. Beste hainbeste zor du bere arrebak ere, Susana Fernándezek. Bizkaian, atzetik dituzte Alzola familia, Versus 07, Residere Proyectos eta GM Fuel Tank; horietako bakoitzak 35 eta 45 milioi euro arteko zorra dauka.
Gipuzkoan ere tamaina handiko zordunak daude. Osinalde Echaniz anaiek dute zor-kopururik handiena –Juan Miguel eta Jose Ramon dira, eta bakoitzak 40 milioi eurotik gora zor ditu–, eta atzetik da Fagor Etxetresnak, ia 15 milioi euroko zorrarekin.
Araban, bestalde, zordunen zerrendan lehenbizikoa Goya 79 enpresa dago –20 milioi euroko zorra–, eta atzetik Eguren Vitoria, Ros Casares Centro de Acero eta porrot egindako Urco Urbasa eraikuntzan enpresa eta Grupo Hotelero Urvasco.
Nafarroan, azkenik nagusitu egiten dira eraikuntza sektorean lur jota dauden enpresak: Urpasa, Construcciones Flores, Nasipa eta Prodinver, besteak beste. Dena dela, eta ohikoa bihurtu den moduan, Nafarroako Gobernuko Gabriel Urralburu presidente ohiak jarraitzen du zerrendan egoten: 556.000 euro zor dizkio ogasunari.