argia.eus
INPRIMATU
Tolosan ere ordezkapenetarako mediku erdaldunak jartzeak polemika eragin du
  • Herritarren artean kexak eragin ditu Tolosako osasun-etxean ondorengo bi ordezkapenetarako mediku erdalduna jarri izanak: pediatriako baja eta arratsalde-gauerako medikua. Udaleko euskara zerbitzuburu Iñaki Azaldegik adierazi du kalitatezko zerbitzuak euskaraz behar duela izan eta horretarako egun badaudela mediku euskaldunak. Info7-n egin ditu adierazpenak eta azaldu du, Udalak Osakidetzari gutuna bidali diola euskaldunen hizkuntza eskubideak errespeta ditzala eskatuz.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 22a
“Atzerapausorik ez ematea eta beti aurrera joatea, hori da eskatzen duguna”, adierazi du Azaldegik. (Arg.: osaeus.info)

Hiru pediatra daude Tolosako osasun-etxean, bi euskaldun eta erdaldun bat. Euskaldunetako batek amatasun baja hartu duenean, ordezkapenerako mediku erdalduna eraman dute. Azaldegiren esanetan, “gero eta zonalde euskaldunagoa da eta gaztetxo guztiak D ereduan ari dira”. Inguru euskaldun batean, gaztelaniaz moldatu ez edo ulertzen ez duen umeak mediku erdaldun batekin aritu behar izatea “lotsagarria” dela esan du.

Medikuarekin “gauza intimoez” hitz egiteko konfiantza behar dela adierazi du, eta horretarako garrantzitsua dela norberaren hizkuntzan aritzea. Eusko Jaurlaritzak eta sindikatu guztiek zonalde euskaldunetako medikuak euskaldunak izatearen garrantzia kontuan izan behar luketela gehitu du.

1982an onartutako Euskararen Legeak euskaldunei hizkuntza eskubide batzuk aitortu zizkiela gogorarazi du eta “32 urteren ondoren horrela aritu beharra tristea” dela adierazi du. “Atzerapausorik ez ematea eta beti aurrera joatea, hori da eskatzen duguna”.

Zumaian protesta bidez lortutakoa eredu

Irratiko elkarrizketan gogoan izan dute Zumaian herritarrek protesta bidez, mediku erdaldunaren ordez euskalduna ekartzea lortu dutela. Azaldegik adierazi du, tolosarrak ere protesta egiteko prest daudela egoera ez bada aldatzen. “Arrazoiak hain nabarmenak izanik, gauzak aldatuko dira”, esan du.