argia.eus
INPRIMATU
Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du
  • 85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 19a
Hilketa eta geroko Zizur Nagusian egindako elkarretaratzea. Euskalerria irratia

Uztailaren 29an, 85 urteko gizon batek 78 urteko emaztea hil zuen Zizur Nagusian, Nafarroan. Emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak behin-behineko espetxealdian sartzeko agindua eman zuen, orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak ebatzi du behin-behineko espetxealdia beteko duela, baina etxean. Hori horrela seme-alabek erabaki beharko dute non beteko duen zigorra, eta zaintza lanetarako sistema antolatu beharko dute, horretaz gain, kontrol telematikorako gailu bat jarriko diote gizonari, etxetik ez dela ateratzen ziurtatzeko.

Emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak behin-behineko espetxealdia agindu zuen, bere ustez, gizona ihes egiteko edo frogak suntsitzeko arriskua zegoelako. Gizonaren defentsak helegitea aurkeztu zuen, eta Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak onartu du zigorra betetzea etxean, gizonaren egoera fisikoa eta mentala kontuan hartuta.

Horretarako, epaileek erreferentzia gisa hartu dute kartzelan egindako ikerketa neurologiko bat, eta ondorioztatu zuten gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala, gutxienez, martxotik. Hori dela eta, "erabakiak bere kabuz" ezin dituela hartu, eta "alor guztietan laguntza eta babesa" behar dituela adierazi dute.

Guztira, 130 emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian 2003. urtetik.