argia.eus
INPRIMATU
Laugarren dosia beharrezkoa izango du "ziurrenik" BioNTech/Pfizer txertoak, sortzaileak dioenez
  • BioNTech enpresako fundatzaile Ugur Sahin doktorea elkarrizketatu du Alemaniako Der Spiegel astekariak. Azken asteetako egoerari buruzko galde-erantzunetan, besteren artean dio, "ziurrenik beharrezkoa izango dela laugarren dosi bat".

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko abenduaren 14a
BioNTech/Pfizer txertoen sortzaileetako bat.

Medikua eta BioNTech/Pfizer txertoak ekoizten dituen enpresako zuzendari exekutiboa da Ugur Sahin. Bere emaztearekin batera sortu zuen enpresa koronabirusaren pandemian Alemaniako enpresarik aberatsenetako bat bihurtu da. Der Spiegel hedabidean mintzatu dira berarekin.

"Omicron aldaeraz ari garenean, bi dosi ez dira nahikoa babes ematen duen txerto osoa. Dirudien bezala, Omicronek zabaltzen jarraitzen badu, zentzu zientifikoa izango du bigarren txertoa jarri eta hiru hilabetera beste errefotzu bat jartzeak. Erresuma Batuan dagoeneko hori egiten ari dira".

Hori horrela bada, gaur egun hirugarren dosia jasotzen dutenek ea udan laugarren dosi bat beharko duten galdetu dio Thomas Schulz kazetariak eta honela dio Sahinek: "Bai, hala da, Omicron gailentzen bada bai".

Horrenbestez, orain arte aurreikusitakoa baino askoz ere txerto gehiago ekoitzi beharko dituztela ondoriozta daiteke. "Uda amaieran zenioen txertoaren hirugarren dosiak Delta aldaeraren aurka denbora luzeagoan babestuko zuela, eta errefortzuak beharko zirela gehienez urtean behin", gaineratu dio kazetariak.

"Hasieran esan genuen hurrengo urtean gutxienez 3.000 milioi dosi ekoitzi nahi genituela. Bitartean erabaki dugu gutxienez 4.000 milioi dosi izan behar direla. Eta orain aztertu behar dugu ea oraindik gehiago egiteko gai garen".