argia.eus
INPRIMATU
Zinemaldia.cat aurkeztu dute, euskal zinema Kataluniara hurbiltzea xede duen jaialdia
  • Berrikuntzekin badator ere, 13.edizioa du jada zinemaldia.cat-ek. Bartzelonako Euskal Etxeak antolatuta, aurten otsailaren 8tik otsailaren 18a bitartean egingo dute. Guztira bederatzi film jarri dituzte ikusgai eta emanaldi bakoitzaren ostean filmeko zuzendari edo protagonista batekin solasaldia izango da.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 31

“Sona handia” duten proposamenekin dator aurtengo Zinemaldia.cat. “Betiko moduan, programazioa eta epaimahaia luxuzkoak dira, eta kalitatea, prezio herrikoiak eta emanaldietatik harago joatea dira apustu nagusiak. Honela, Zinemaldia.Cat-ek zuzendari, aktore, gidoilari edo ekoizleak izango ditu emanaldi guztietan publikoarekin solasaldiak egiteko, eta era berean, jaialdiko sail ofizialetatik at bestelako proposamenak izango ditu”, adierazi dute ohar bidez antolatzaileek.

Aurtengo sail ofizialetan bederatzi lan izango dira lehian, hauetako gehienak estreinaldiak Katalunian edota Donostiako Zinema Jaialdian soilik ikusiak izan direnak. Guztiak Cinemes Gironan aretoan proiektatuko dituzte. Nabarmentzekoak dira Goya sarietan 13 izendapen lortu dituen Handia, edota Alex de la Iglesiak ekoiztu eta Paul Urkijok zuzenduriko Errementari (jaialdian aurre-estrenatuko dena). Dokumental sailean, publikoa harrituko duten lanak izango ditugu Converso saritua edota gaurkotasun handia duen Volar-en modukoak. 

Aurtengo berrikuntza AlterZinemaldia da. Pere Vall Fotogramas erredakzio buruak zuzenduriko zinema ibilbide bat eta zinemaren inguruan arituko den sukaldaritza tailer bat dira aurtengo proposamenak.

Informazio guztia zinemaldia.cat webgunean dago eskuragarri.