argia.eus
INPRIMATU
Zinemaldi Alternatiboak zinema sozialaren bidez ehunduko ditu Donostiako auzoak
  • 17. edizio honetan hamar proiekzio antolatu ditu Donostiako Zinemaldi Alternatiboak, beste horrenbeste eragilerekin elkarlanean. Helburua, urterokoa: "Zinemaren bidez hausnarketa kritikoa sustatzea, hainbat gizarte-gai eta -gatazkari buruzko lanak proiektatuta eta horiek eztabaidan jarrita, eta pentsamenduak eragin eta arazoei aurre egiteko bitarteko komunak irudikatzea".

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2025eko irailaren 10

Intxaurrondon Infiltrats dokumentala, Añorgan Kneecap, Antiguan Sin miedo a los cables edo Txominenean Igelak. Horiek izango dira aurten Zinemaldi Alternatiboak proiektatuko dituen hamar filmetako batzuk. Izan ere, 2006an Parte Zaharreko Gazte Asanbladak lehenengo edizioa antolatu zuenetik, Zinemaldi Alternatiboak (ZA) erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izaten jarraitzen du, zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuta.

"Kultura gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dugu, eta zinema komunitateak ehuntzeko bitarteko gisa erabiltzen dugu, herritarron harreman-espazioak aldarrikatzeko", diote. ZAk elkarlan aktiboa sustatzen du eta, 2025eko edizio honetan ere, Donostiako eragile eta mugimendu sozialekin elkarlanean antolatu dituzte proiekzioak, bateko eta besteko borrokari ekarpena egin asmoz. Ondorengo eragileek antolatuko dituzte proiekzioak ZArekin elkarlanean: Letaman eta Txantxarreka gaztetxeak, Marruma Kulturalak, Behin Batean Txomineneko euskaltzaleen taldea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Zubietako Gurdi Ertz kolektiboa, Komite Internazionalistak, Redher edo Human Conet. 

Palestina gogoan

ZAk argi utzi nahi izan du Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzen duela eta, horregatik, bigarren urtez jarraian Palestina izango da kartelaren protagonista –ekimen honek urtero Zinemaldi ofizialaren kartelarekin jokatzen du, nolabait buelta emanez–. "Eta hala izaten jarraituko du behar adina aldiz", diote.

Bestalde, irailaren 28an, igandearekin, Jumana Manna artista palestinarraren A magical substance flows into me lana proiektatuko dute Sagueseko frontoian –euria eginez gero, Marruma elkartean–. Ondoren, solasaldia izango da zuzendariarekin eta Euskal Herrian bizi diren Sol Band taldeko kide palestinarrekin.

Kontakizun ofiziala zalantzan jartzeko beharra

Ekimen herrikoi honen antolatzaileek gogorarazi dute La Infiltrada filmaren ondoren, Un fantasma en la batalla datorrela. "Euskal gatazkari buruzko beste film bat, bigarrena, bi urte eskasean, eta berriro ere polizia infiltratuak protagonista dituena. Aurtengo Zinemaldian aurkeztuko da. Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo. Bi film gehiago izan zitezkeen, beste bi, gure iraganari buruzko kontakizunaren batailan eragin nahi duten hainbaten artean". Baina beren ustez kontatzen duten guztia ez da iragana, ez behintzat Poliziari dagokionez. Biak oso testuinguru zehatzean aurkezten direla irizten diote: azken urteetan publiko egin dira orotariko herri mugimenduetan infiltratutako polizien kasuak, eta beren iritziz, ez da kasualitatea bi film horiek orain aurkeztea.

"Poliziaren irudia publikoki zalantzan jarri dute argitara atera diren azken espioitza eta infiltrazio kasuek. Beste kontakizun bat behar zuten Poliziaren irudia goraipatzeko, eta zer hoberik horretarako zinema baino. Baina infiltratutako polizien jokabidea zurituz tortura justifikatu nahi dutenen aurrean, ZAk planto egiten du". Horregatik proiektatuko dute irailaren 20an Infiltrats dokumental arrakastatsua Intxaurrondo auzoan, Letaman gaztetxean eta, gainera, infiltrazio kasu berrienak azaleratu dituzten ikerketak ezagutzeko aukera izango da La Directa egunkariko kazetarien eskutik.

Irabazi txiki bat galera handietan

Donostia hiria azken urteetan izaten ari den aldaketari ere erreparatu diote: "Zinemaren hiriak galera bat bestearen atzetik pilatzen ditu. Aurten, Arte Ederrak antzokia Hilton Hotel bihurtzeko zorian dagoela, Dock of the Bay jaialdia desagertu dela ezagutu dugu. Hamazazpi urteren ondoren, Donostiako zinema dokumental musikalaren jaialdiak agur esan du. Eta ez dute gustuz egin, horretara behartuta egon dira. Horrelako kultur ekimenekiko ardura faltagatik, erakundeen laguntza faltagatik".

Jaialdi horrek hamazazpi edizio izan zituen, eta ZAk, hamazazpigarren edizio honetan, errekonozimendu xumea egin nahi izan dio. Horretarako, irailaren 25ean, Sin miedo a los cables dokumentala proiektatuko dute Txantxarreka gaztetxean.

"Hiriak handitasunaren alde egiten du. Baina bada Donostia ekitaldi arranditsuetatik haratago ere. Eta ez dago hiriak bizkarra ematen dion Donostia horretara, herri eta txokoetara, kultura eta zinema eramatea baino poz handiagorik", nabarmendu dute. Aurten, Txominenean ez ezik, Zubietan ere izango da lehen aldiz jaialdia.

Egitaraua egunez egun

Lotura honetan daude film guztien sinopsi eta fitxa teknikoak, eta jarraian egitaraua egunez egun:

  • Irailak 18. Uliako Mintegietako parkean 20:00etan: Smurfit, Criminal Ambiental. Hemen trailerra
  • Irailak 19. Parte Zaharreko Guardetxean 19:00etan: Producto LocalHemen trailerra
  • Irailak 20. Intxaurrondoko Letaman gaztetxean 19:00etan: Infiltrats. Hemen trailerra.
  • Irailak 21. Zubietako Errebote plazan 20:00etan: Uharte bat eta gau bat. Hemen webgunea.
  • Irailak 22. Groseko Marruma elkartean 19:00etan: El arte de los analfabetos. Hemen trailerra.
  • Irailak 23. Añorgako gaztetxean 19:00etan: KneecapHemen trailerra
  • Irailak 24. EHUko Arkitektura Eskolan 17:30ean: Push. Hemen trailerra
  • Irailak 25. Antiguako Txantxarreka gaztetxean 19:00etan: Sin miedo a los cables. Hemen trailerra
  • Irailak 26. Txomineneko Arteleku plazan 20:00etan: Igelak. Hemen trailerra
  • Irailak 28. Sagueseko frontoian 20:00etan: A magical Substance Flows into me. Hemen trailerra