argia.eus
INPRIMATU
Zinemaldi Alternatiboa “inoiz baino indartsuago” antolatzaileen arabera
  • Zinemaldi Alternatiboaren amaierarekin batera antolatzaileek haien esker onak eta balorazioa plazaratu dituzte. 17. edizioa izan den honetan, azpimarratu dute zinema tresna gisa hartuta komunitatea ehuntzen aritu direla.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 02a
Zinemaldi Alternatiboa

Zinemaldi Alternatiboko arduradunek egin duten balorazioaren arabera, inoizko edizio "indartsuena" izan da aurtengoa: hamar film, hamar leku eta egun ezberdinetan, horietako asko “zinemaldi ofizialak baztertzen dituen auzoetan”. Horregatik, eskerrak eman dizkiete ekimena aurrera eraman duten eragile eta laguntzaile bakoitzari: Letaman, Txantxarreka eta Añorgako gaztetxeak; Uliako Mintegietako parkea; Marruma Kulturala; Behin Batean Txomineneko euskaltzaleen taldea; AZGA; Gurdi Ertz kolektiboa; Komite Internazionalistak; Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleak eta Arkitektura Eskola. Honekin batera, deia egin diete datorren urtean ere saio bat antolatu nahi izanez gero Zinemaldi Alternatiboarekin harremanetan jartzeko.

Aurtengo proiekzioetan inoiz baino aurkezle gehiago izan dituzte: Human Conet antolakundea, Sot a Terra kolektiboa, Directa komunikabidea, Kneecap Euskaraz, Jaxsa zuzendaria eta Lentilleres (Dijon) auzo libreko kide bat.  Horiei ez ezik, bertaratutako guztiei ere esker onak eman dizkie Zinemaldi Alternatiboak, “zinemaren eta elkartasunaren bueltan elkarrekin arrats goxoak” pasa izanagatik.

Amaitzeko egitasmoak elkartasuna erakutsi dio beste behin Palestinako herriari. Nabarmendu dute karteleko irudia eta Sagueseko azken saioaz gain –Palestinarekin elkartasunez A Magical substance flows into me (Substanzia magiko bat nire baitan dabil) dokumentala ikusi zuten bertaratutakoek–, proiekzio guztietan "presente" egin dutela gaia. Gainera, Zinemaldi Alternatiboak iraun duen bitartean egin diren bi manifestazioekin bat egin eta hauen berri eman dute.

 Zinemaldi Alternatiboa
 Zinemaldi Alternatiboa
 Zinemaldi Alternatiboa
 Zinemaldi Alternatiboa