Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.
Proiekzioak, arte eszenikoak eta hausnarketarako eta topaketerako guneak... zinema ardatz, askotariko hamaika ekimen jaso ditu aurtengo Zinegoak jaialdiak. Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak honela laburbildu du jaialdiaren helburua: “Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu behar dira. Gure gizarteak zeharkatzen dituen zapalkuntza-sistemei aurre egitea eta gainditzea bilatzen duten espazioak aldarrikatu nahi ditugu, heteronormatibitatea, patriarkatua, kolonialismoa edo kapazitismoa, besteak beste”.
Zinegoak ekainaren 23tik 30era ospatuko dute Bilboko hainbat areto eta espaziotan: Azkuna Zentroa, Bilborock, Golem Alhóndiga, Guggenheim Bilbao, BilbaoArte, Hikateneo, Sarean, La Sinsorga eta Bira Kulturgunea, besteak beste. Ekainaren 23an, astelehena, inaugurazio ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, eta Zero Chou taiwandar zuzendariak “Zinegoak 2025 Ohorezko Saria” jasoko du bertan.
Hamabost luzemetrai lehiatuko dira jaialdiaren sail ofizialean FIK, DOK eta KRAK kategorietan. 30 film labur ere lehiatuko dira eta Haurtzaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak ohiko zikloei Maitasun Sareak eta Erresistentzia Eremuak ziklo berriak batuko zaizkie. Modu horretan, “borroka politiko aktiboa mantentzearen garrantzia” nabarmendu nahi dute.
Sei euskal film labur izango dira ikusgai jaialdian: ¿Dónde estás? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodríguez Fernández), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Inés Landeta, Lorea Lyons) eta La raíz (Isabel Sáez Pérez).
Egitaraua osorik kontsultatu daiteke lotura honetan.