argia.eus
INPRIMATU
Zinebi jaialdiaren 62. edizioa garai berrietara moldatuta dator
  • Azaroaren 13tik 20ra ospatuko da Bilbon Zinebi Zinema dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Antolatzaileek garai berrietara egokitu behar izan dute egitaraua eta horregatik aurtengo edizioa internet bidez ere jarraitu ahal izango da. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 13a
Argazkia: @InfoBilbao

Bilboko Zinebi Zinema dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren programazioa eta jarduerak egokitu dituzte  pandemiaren aurrean. Azaroaren 13an hasi eta 20ra arte iraungo du egitarauak. Jaialdiak aurrez aurreko edizioak egin ditu orain arte, baina koronabirusaren gaitzak behartuta, programazioa egokitu behar izan dute. Horregatik, osasun neurrietara egokitutako aretoan eta online bidez gozatu ahal izango da 62. edizioaz, Bilboko Udalak azaldu duenez. Dagoeneko jaialdiko sarrerak salgai daude. 

Etxetik ere jarraitu ahal izango da 

Zinebik modu presentzialean eskainiko ditu edizio honetako 121 filmak: 89 film labur, 25 film luze eta sei film iraupen erdikoak. Golem Alhondiga, Arte Ederren Museoa, Guggenheim Museoa eta Arriaga Antzokian. Online, FestHome plataformaren bidez, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa Sail Ofizialean parte hartzen duten filmak ikusteko aukera eskainiko dute, eta Filminen bidez, berriz, Ziff-Zinebi First Film sailean parte hartuko duten bederatzi film luzeak.

"Toki seguruak direlako"

Bilboko Udalak jaialdiaren programazioari eustea erabaki du, "zinema aretoek eta kultur guneek toki seguruak direla erakutsi dutelako azken hilabeteetan". Jaialdiak segurtasun eta higiene neurriak bermatzen dituzten aretoetan eskainiko dela jakinarazi du antolakuntzak. Zinema aretoen edukiera % 50era arte mugatuko da, espazio bakoitza aireztatzeko ordu erdiko tartea izango da, baita bukatak desinfektatzeko ere, maskarak erabili beharko dira, segurtasun distantzia bermatuko da eta gel hidroalkoholikoa izango dute eskura erabiltzaileek.