Ziklo berria: "Sí, se puede"


2015eko maiatzaren 25an - 10:30
Manuela Carmena (eskuinean) Madrilgo garailea Esperanza Agirre aurrez aurre duela telebistako eztabaida batean.

Paristik Le Mondek laburbildu du gertatua: “Séisme politique en Espagne”. Harriturik, antza, Europa betean posible delako hauteskundezko mugimendu handi guztiak ez amiltzea eskuinerantz, Frantzian bezala, edo berrikitan Bretainia Handian bezala... edo justu igandean bertan Gipuzkoan legez. Londrestik The Guardianek ipini zuen moduan: “Indignado jendeak agindu ahal izango du Madril eta Bartzelonan”.

Estatuko bi hiriburu nagusietan Syriza espainiarrak agintea hartu ahal izateak eta, batik bat Madrilen, hainbeste urtetan botere osoaren jabe izan denak jasandako zigorrak berretsi du hainbestetan iragarritako ziklo aldaketa iritsi dela. Hamabost egun lehenago David Cameroni bezala ez zaizkio harri azpitik azaldu Mariano Rajoyri gastu sozialetan murrizketa gehiago eskatuz milioika boto ezkutu beldurti. 2007an ekonomiak nozitutako ziklo aldaketa zortzi urteren buruan politika espainiarrera iritsi da.

Ziklo politiko berriaren itxura ezagutzeko, ordea, udazkena arte itxaron beharko da.  UPyDri opil zatia janik eskuin populista eta nazionalista espainolaren bandera hartu duen Ciudadanos itxura batera estankaturik, falta zaigu Podemosen gorpuzkera ezagutzea. Aktore berri nagusia, euro-parlamentario sorta bat lortu zituenetik burtsak eta aginte ekonomikoak urduritzea lortu duen Podemos ezkertiarra, Madrilgo Parlamentura zenbaterainoko indarrez iritsiko den jakitea falta da. Orduan ikusiko da ea benetan hasi dena den ezkerraren aldeko aro bat non Podemosek lortuko duen aspaldi Izquierda Unidak eta PSOEk edukitako boto ezkertiarrak bereganatzea, eskuinari aldi baterako gaina harturik. Ala Syrizarik ez den izango Iberian.

Edonola ere, Partidu Popularrak agur egin dio gehiengo osoz agintzeko ohiturari: 6 milioi boto, 2011ko 8,4 milioien lekuan. Lehen indar izaten jarraitu arren, Extremadura, Valentziako Erkidegoa, Kantabria, Aragoi, Gaztela-Mantxa eta Balear Uharteak galdu ditu. Aginte politikoa, ekonomikoa eta epaitegietakoa, dena nahi eran luzaz maneiatu ostean, negoziatzen ikasi behar berriro.

Bere ondoan, PSOEk lortu du 2011ko gainbeherari erremedioa aurkitzea, baina 5,5 milioi botoekin urrun dago duela lau urteko 7,7 milioietatik. Hauteskunde biharamuneko lehen erreflexua Podemosekin elkarlanean hastea izan da. Burtsak eta indar ekonomikoak hasten direnean Podemosekiko terrorea hedatzen, orduan kontuak.

Euskaldunok arreta berezia jarriko diegu Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentziako Erkidegoan gertatuko diren mugimenduei. Azken biotan, urte luzetako agintealdi harroak eragindako ustel usainak, kiratsak hobeto, eraman du errekara hango PP. Politika sozialak, hizkuntza politika... Aldaketa zertan mamitzen den ikusi behar.

Katalunian funtsean Bartzelonan Ada Colauk eragin duen lurrikarak aro berri batean sarraraziko ditu katalanen nazio eskakizunak. Irrikaz erreparatuko diegu Euskal Herritik. Podemos? Ada Colau bezala Bartzelonako hondakinentzat Atez Atekoa proposatzen duen Barcelona en Comú nekez erkatu daitezke gure EAEn kultura politiko bera aldarrikatuz aurkeztu diren pertsona eta siglekin. Bartzelonakoekin asko ikasiko dugu euskaldunok beti legez.

Bada lehentasunezko gai bat interesatzen zaiguna euskaldunoi Espainiako Estatuko mugimenduetatik: bake prozesuan zertan eragingo? Paradoxikoki, aukera berriak sortzen ari dira. EAJk ase du Gipuzkoa bereganatzeko obsesioa eta ezker berria indarrean dator Espainian. Adi Manuela Carmenari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2015
Uxue Barkos
"Nafar gizartean aldaketa sakona gertatu da"

Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan  gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek,... [+]


2018-12-14 | Mikel Asurmendi
Aldaketaren aldeko politika gauzatzen jarrai liteke Nafarroa Garaian

Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.


Ahal Duguko zuzendaritzaren kontrako bide legalak hartuko dituela iragarri du Laura Perez parlamentariak

Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.


2017-10-12 | Andoni Mikelarena
'Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan' kanpaina abiatu du Kontseiluak

Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.


2017-09-06 | Guaixe .eus
Nafarroako Parlamentuak Altsasuko auziko fiskaltzaren eskaerarekin "erabateko desadostasuna" azaldu du

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude