argia.eus
INPRIMATU
Zikinkeria Urola ibaian
“Ezin esan zenbat hondakin jaso dudan nire eskuz”
  • Azkoitiko eta Zestoako udaletan eskaria egin du herritar batek, Urola ibaian eta inguruko errekatxoetan pilatzen den zaborra dela-eta.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 13a

Gorka Alberdi Zestoako Arroa auzoan bizi den azkoitiarra da. Azaldu duenez, ibaiaren eta bere ubide nahiz errekatxoen egoera “tamalgarria” da inguru horietan eta hori frogatzeko egunez egun ateratako dozenaka argazki eman ditu. Horietan ikus daitezke, plastikoak, altzariak eta zabor poltsak erreka bazterretan. “Ezin esan zenbat aldiz makurtu eta zenbat hondakin jaso dudan nire eskuz”, dio salaketan.

Honen arabera, “larriena” ez da pilaturik dagoen zaborra, baizik eta ibaian behera joan dena: “Ibai eta errekatxoen ertzak ikusteak aukera ematen digu liluratzeko zenbat kilo zabor eramango ote duen urtean itsasora”. Egoera hori, gainera, beste herrietan errepikatzen dela uste  du salatzaileak.

Horren aurrean, Zestoako eta Azkoitiko udaletako ordezkari politikoei “irmotasuna” eskatu die egoerari buelta emateko. Nolanahi ere, jendartean sorturiko arazoa dela jakinik, “denon arreta eta laguntza” behar dela dio Alberdik.

Ibai garbiketa auzolanean

Hain zuzen, uda honetan ibai bazterrak garbitzeko deia egin du Zestoan gai sozialez arduratzen den Astindu elkarteak. Herritarren artean auzolana antolatu zuen uztailean eta horretarako Zestoako Udalaren laguntza izan zuen.