argia.eus
INPRIMATU
Winter of the Crow
Zikina
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 27a

Testuinguru historiko, politiko eta sozialik gabea, kasik azalpenik ez... Eskasa iruditu zait oso Donostiako Zinemaldiaren itxiera galako pelikula, The Winter of the Crow

Poloniako Varsovian kokatzen da, 1981eko abenduan. Psikiatra irakasle britainiar bat da protagonista, Joan Andrews andrea. Varsoviako unibertsitatera gonbidatu dute hitzaldi bat ematera. Baina ikasle batzuk sabotajea egingo diote, hain justu ere Sobietar Batasuna gainbeheran den testuinguruan, Solidarity deituriko sindikatu errebelde bat sortu baitute, "komunismoa eraisteko" eta herrialdea "imajinaziotik eraikitzeko". Alegia, kapitalismoa soluziotzat planteatzeko. 

Tira, Andrewsen hitzaldia oztopatu ondoren, gau horretan bertan, Sobietar Batasunak gerra-egoera deklaratuko du Polonian. Telefono lineak itxiko dituzte, mugak zarratu, tankeek kaleak hartu eta etxeratze agindua ezarri. Hortaz, harrapatuta geratuko da Andrews. Gonbidapena egin ziotenak, hau da, haien etxean ostatu eman ziotenak, Solidarity-ko ekintzaileak dira,milizia errusiarrek atzeman, zigortu edota akabatu nahi dituztenak. Andrews, beraz, konplize gisa tratatuko dute eta iheska ariko da.

Esan dudan moduan, ez zait iruditu testuinguru politikoa askorik azaltzen duenik. Faltan bota dut. Dikotomia bat planteatzen da: gaiztoak eta zintzoak, errepresioa eta askatasuna. Antikomunistak dira, argiki diote.

Hasiera-hasieratik egin dute halako bereizketa, gainera: Andrews oraindik Ingalaterran dagoenean –filmeko lehen bost minutuak baino ez ditu igarotzen han–, kolore bizi eta "askatasun usaina" nabari da hango kaleetan. Hegazkinean ere bai, ez dakit hori nola azaldu. Baina Varsovian lur hartzen duenean koloreak erabat apaltzen dira, eta badirudi militar sobietarren kuartel erraldoi batean murgilduko dela aurrerantzean. Iluna eta zikina da aireportua, tratua zinez hotza da, eta eguzki printzarik ez da ageriko film osoan. Elurra ari du etengabe, beti dago ilun... Egia da abendua dela eta Polonian daudela, baina tira.