argia.eus
INPRIMATU
Alemaniaren enplegu tasa onak, langileen eskubideen kontura
  • Alemaniak 1990ean bateratu zenetik langabezia tasa baxuena aurkeztu du 2012ko azken hiruhilekoan. Hala ere, Garak gaur azaltzen duen moduan, gero eta pertsona gehiago dago soldata minimoen truke edo minijob erregimenean lan egiten.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 25a
Minijobek eusten diote Alemaniako enplegu tasari (Argazkia: trabajo-ya.net)

Langabezia tasa %6,8koa da eta biztanleriaren erdiak baino gehiagok kotizatzen du gizarte segurantzan, Alemaniako Estatistika Bulego Federalaren arabera (Destatis). Bere horretan datuak onak diruditen arren, horien atzean lan baldintza kaskarrak ezkutatzen dira.

Esaterako, Garak azaltzen duenez, hiru milioi langile inguru pobrezian erortzeko arriskuan bizi dira, jasotzen dituzten soldata eskasak direla eta. Zortzi milioi pertsona inguruk minijob erregimenean egiten dute lan. Hau da, ez dira langabetuak baina kotizazioa minimoa da eta, horren ondorioz, etorkizunean jasoko dituzten pentsioak ere eskasak izango dira.

Muturreko txandak, ordaintzen ez diren ordu gehigarriak eta etengabe lanerako “libre” egon beharra gaur egun ohiko ezaugarriak dira Alemaniako lan munduan. Horren eraginez, nekeak eragindako bajak gero eta gehiago dira: 2001ean guztira 33,6 milioi baja-egun izan ziren, 2010ean, berriz, 55,5.

Lan ministroa den Ursula von der Leyenen arabera, aldaketak gaur egungo errealitatearen eta zerbitzuen sektoreak agintzen duenaren ondorioz egin beharreko “egokitzapena” dira.

Gerhard Schröeder kantziler ohiaren bigarren legealdira arte, Alemania salbuespena zen potentzia ekonomikoen artean. Astean zehar saltokiek 18.00etan itxi behar zuten, eta larunbatetan 12.00etan. Igandetan, berriz, ezin zuten ireki.