argia.eus
INPRIMATU
Zientzialarien ohartarazpen berria
Lurraren beroketa atzera ezinezko puntura hurbiltzen ari da
  • Posible ote da oraindik Lurra planetako klimaren aldaketa katastrofikoa gelditzea? AEBetako PNAS Zientzien Akademia Nazionalaren Agerkarian aste honetan plazaratutako azterlan baten arabera, gerta liteke behin puntu batera iritsiz gero klima kontrolatzeko politikarik onenei ere Lurrak berak eragoztea, egoera atzera bueltarik gabekoa bihurtuz. Planetak bere berotzean puntu hori gaindituko balu, tenperatura egonkortuko litzateke aro industrialean zegoena baino 4ºC edo 5ºCetan, Parisko akordioak aurreikusten duen +2ºC helburua oso atzean utzita.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 08a
Klimaren beroketan eragiten duten aldagai nagusiak eta beren haustura puntuak Celsius gradutako igoeran. (Irudia: PNAS)

Lurraren tenperatura dagoenekoz 1ºC-etan berotu da, idorte, beroaldi eta ekaitzak ugarituz. Baina PNASeko ikerlanean zientzialariek agertoki are kezkagarriago bat aurreikusi dute: alegia, Lurrak ezaugarrietatik hamarrek gaur bezala eraginik ez edukitzetik pasatzea beraiek ere era autonomoan lurra gehiago beroaraztera, gizakiek eragindako kalteak areagotuz. Haustura puntu batera iritsiz gero, Lurra bera hasiko litzateke gas gehiago isurtzen: “Puntu kritiko batera iritsiz gero, erreakzioek beren buruak elikatzen dituzte”, diote ikerlanean, iragarriz puntu horretara iritsiz gero Lurra planeta labe handi bat izatera kondenatuta legokeela.

Haustura puntua zeharkatuz gero, Lurraren honako ezaugarriak hasiko lirateke era autonomoan negutegi eragina areagotzen:

- Karbono hodiak” deituak ahultzea: oihanek eta itsasoak egin dute lan hori orain arte baina basoak urritu dira eta itsasoak CO2z asetzen ari dira.

- Permafrosta: Errusia eta Kanadako lurzoru izoztuek bere baitan metano eta CO2tan daukate gaur gizakiok 15 urtetan isurtzen duguna adina. Izotz hori urtzen bada, gas horien isurketak areagotuko du Lurraren berotzea.

-  Oihanen ihartzea: Lurra 3ºC-tan berotuz gero, Amazoniako basoen %40 ihartuko lirateke. Eta ugaritzen ari diren suteek fenomenoa larriagotuko lukete.

- Izotz gutxiago Ipar eta Hego poloetako itsasoetan: gaur izotz horiek eguzkiaren irradiazioen %80 ispilu moduan kanporatzen dute. Horien ordez ura baldin badago, urak irradiazioen %80 xurgatzen du.

- Antartikoko eta Groenlandiako izotz geruzen urtzea: oraindik eztabaidagai dira bai zein tenperatura igoerarekin (+1ºC ala +3ºC) eta zenbait denboran gertatuko den. Baina hau bai da ziurra: planetako hiri handien hirutik bi itsas mailatik 10 metro baino gutxiagora daude eraikiak, eta gauza bera horiek elikatzen dituzten nekazaritzako lurrak. Aipatu izotz geruza horiek urtzekotan, zientzialariak ari dira itsas maila 13 metro bano gehiagoz igotzeaz…

- Domino eragina: klimaren mekanismo horiek guztiak elkarri estuki lotuta daudenez, horietako bat kontrolik gabe aldatzen hasteak eragin lezake ondokoak banan bana aldatzen hastea. “Kaskada moduko gertakizunon poderioz Lurra sistema osoa abiatu liteke funtzionatzeko era arras berri batean”, azpimarratu du Hans Joachim Schellnhuber ikerketaren egileetako bat eta Postdameko Klimaren Eraginaren Ikerketarako Institutuko zuzendariak. Schellnhuberrek lehendik ere ohartarazia du: bere tenperatura gaur baino +4ºC edo +5ºC-etan egonkortuko balitzaio, Lurra planetak ezingo lioke bizimodua eskaini 1.000 milioi jenderi baino.