argia.eus
INPRIMATU
Ziburuko Udalak ikastola auzitara eraman du bigarrenez
  • Guy Poulou Ziburuko auzapezak auzitara jo du berriz Kaskarotenia ikastolaren kontra. Bigarren helegite bat aurkeztu du, oraingo honetan Paueko auzitegi administratiboan. Ikastolak eta Seaskak esan dute ez dutela jakinarazpenik jaso eta ikasturtea Ziburun hasiko dutela.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 21
Ziburuko ikastolako kideak Baionako auzitegian, pasa den astean (argazkia: Sylvain Sencristo/Berria)

Ziburuko Udalak urgentziazko auzia aurkeztu du Pauen. Laida Mujika ikastolako lehendakariak Iparraldeko Hitzari adierazi dio ez dutela auziaren inguruko informaziorik jaso, eta, beraz, ez dakitela zeintzuk diren Poulouk oraingoan aurkeztu dituen argudioak.

“Ez genuen uste horrelako desmartxa bat egingo zutenik. Prest dira 12 haur eskolarik gabe uzteko hemendik hamar egunera”, esan du Mujikak. Albisteak “ezustean” harrapatu ditu, baina hala ere ikasturtea Ziburun hasiko dutela esan du.

Ziburuko Kaskarotenia ikastola 2012an sortu zen. Ikastolak eta Herriko Etxeak bi urteko hitzarmena sinatu zuten Marinela auzoko eraikin batean gelditzeko. Auzapezak maiatzean iragarri zuen hitzarmena ez zuela berrituko. Langile eta gurasoak, orduan, bertan geratu ziren.

Poulouk lehenik Baionako epaitegira jo zuen. Salaketa jarri zuen ikastolaren kontra “eremu publikoa legez kanpo okupatzeagatik”, baina epaileak Seaskari eman zion arrazoia eta Herriko Etxea prozeduraren gastuak ordaindu behar izan zituen. Oraingoan, Paueko auzitegian egin du saiakera.