argia.eus
INPRIMATU
Zazpi eguneko epean Ziburuko ikastola uzteko agindu du Paueko epaitegiak
  • Zazpi eguneko epean Ziburuko ikastola uzteko agindu du Paueko administrazio epaitegiak. Egun horretatik aurrera, lekua hustu gabe pasatako egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaintzeko agindua ere eman du.

ARGIA @argia 2014ko irailaren 01a
Ikastola kanporatzearen kontrako mobilizazio ugari egin dira Herriko Etxearen jarrera ezagutu zenetik (argazkia: Sylvain Sencristo).

Uztailean bukatu zen Herriko Etxeak eta Kaskotenia ikastolak zuten akordioa, Marinela auzoan orain arte duten gunea erabiltzeko. Akordio berria sinatu beharrean, Herriko Etxeak ikastolari joateko eskatu zionean hasi ziren arazoak ikastolarentzat.

Joan den ostiralean aztertu zuten jujeek Ziburuko Herriko Etxearen eta ikastolaren artean sortu den auzia. Bigarren epaiketa izan da joan den ostiralekoa. Lehenbizikoa Baionan egin zen uztailean eta epaileak adierazi zuen ez zeukala eskumenik gaiari buruzko erabakirik hartzeko.

Epaia jakin aurretik Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak zera adierazi du: “Epaileak esaten duena esaten duela, asteartean ikasturte abiatzea han egingo dugu”.