Ziberaktibismoa: 2.0 mugimenduen argilunak

  • Herrialde arabiarretako iraultzak eta haserretuen kanpaldiak izan dira azken adibide garbienetakoak. Interneten zabalkunderako gaitasuna eta Twitter eta Facebook bezalako sare sozialen bultzada aprobetxatuz, aldaketarako gogoa duen jendea aktibatzea lortu dute teknologia berriek. Zibermugimenduen eraginkortasunaz iritzi guztiak ez dira baikorrak, ordea.


2011ko uztailaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Herritarren errebolten beldur, Interneten historian lehen aldiz Hosni Mubarak Egiptoko agintari zenak moztu egin zien estatu oso bateko biztanleei Interneterako sarbidea, baita SMS zerbitzua erabiltzeko aukera ere. Alternatibak bilatu zituzten egipto

Moldaviako historian jazotako protestarik handiena “Twitter iraultza” izendatu zuen The New York Times egunkariak. Sare sozialaren bidez hedatutako mezuari kasu eginez, 2009ko apirilaren 5ean 20.000 pertsona elkartu ziren hiriburuan, egun horretan bertan egindako hauteskunde ustelak salatzeko. Bozak berriz zenbatzea lortu zuten. Urtebete geroago hauteskundeetako emaitzen manipulazioagatik haserre Iranen abiatu zituzten manifestaldiek ere Twitter-ekin zerikusia izan zutela zabaldu zuten hedabideek. Ahots kritikoek, ordea, laster hartu zuten hitza: oso erabiltzaile gutxi ditu sare sozialak Moldavian, eta berdin Iranen. Teknologia berrien eraginari garrantzia kendu nahi izan diotenek argudiatu zuten, adibidez, Iranen 10.000 erabiltzaile baino gutxiago dituela Twitter-ek eta mezu gehienak ingelesez igorri zituztela –eta ez farsi hizkuntzan–, alegia, atzerritik bidalitako mezuak zirela nagusiki, eta ez herrialdetik bertatik idatziak.

Hilabete gutxira, mundu arabiarrak eztanda egin zuen: Tunisiak hasitako bideari beste hainbat herrialdek jarraitu zion, gobernuburuen aurkako altxamenduetan. Berriz ere, teknologiak horretan guztian jokatutako papera izan zen eztabaidagai, eta Sareak izan zuen indarraren adierazgarri argienetakoa boterean zeudenen jarrera da: Interneten historian lehen aldiz, Hosni Mubarak Egiptoko orduko agintariak moztu egin zien estatu oso bateko biztanleei Interneterako sarbidea, baita SMS zerbitzua erabiltzeko aukera ere. Teknologiak matxinada mantentzeko, zabaltzeko eta indartzeko izan zezakeen ahalmenaren beldurragatik baino ezin da ulertu halako jokabidea. Ahalmen horren jakitun, alternatibak bilatu zituzten egiptoarrek: telefono finkoak, faxa, irratia, Interneterako konexiorik gabeko modemak (dial-up) edota martxan jarraitu zuen zerbitzari bakarra (Noor) software anonimoekin erabiltzea, agintariek ez atzemateko.

Altxamenduak jazo ziren beste herrialde arabiarretan ere, teknologiak bateko edo besteko murrizketak jasan zituen boteretsuen aldetik. Mugarik gabeko erreportariak elkarteko txosten baten arabera, iaz 62 herrialdetan sufritu zuten Interneteko zentsura. “Tresna hauek erabiltzen ikasi dute erregimen autoritarioek, eta esku okerretan halako tresna gehiago eta merkeagoak egoteak demokrazia gutxiago ekartzen du, ez gehiago”, dio Evgeny Morozov blogari errusiarrak, The Net Desilusion liburuan. Azken finean, ezin dugu ahaztu arestian aipaturiko Irango manifestaldien ondorioz Gobernuak teknologia aprobetxatu zuela sare sozialen bidez komunikatu ziren disidenteak zelatatu eta kontrolatzeko. Morozoven hitzetan, “arriskutsua da Interneteko askatasunaren pankarta kolore-anitza, atzean deskubritu dezakegulako Internet diskurtso demokratikoetarako bozgorailua baino askoz gehiago dela, erabilera guztiz antidemokratikoak izan ditzakeela, eta horiek zuzendu ezean, demokrazia sustatzeko helburua arriskuan egon daitekeela”. Herritarren errepresioa eta erabateko kontrola erraztu ditzake, esaterako.

Ildo horretatik, Sareak subertsiorako ematen dituen aukerak tentuz hartu behar direla ohartarazi du Douglas Rushkoff idazle eta The New York Times egunkariko kazetari estatubatuarrak: “Bai, Twitter eta Facebook bezalako zerbitzuek aktibistei inoiz ez bezalako aukerak eskaintzen dizkiete antolatzeko. Baina zerbitzu hauen menpe zenbat eta gehiago egon, orduan eta handiagoa izango da zerbitzu horien kontrola duten erakunde eta gobernuekiko morrontza. Gustatuko litzaiguke pentsatzea konexio deszentralizatua eta mugagabea dugula denok. Baina Internet agintari nagusiek kontrolatzen dute erabat”. Horregatik, Rushkoffek dio aktibista digitalak hasi direla dagoeneko ekimen berriak sustatzen, zerbitzuaren hornitzaileen esku ez egoteko; esaterako, Wi-Fi bidez erabiltzaile batzuek besteak konektatzen dituzte, bata bestearen segidan. Fenomeno berria da ziberaktibismoa, eta oztopoen aurrean, bere bidea egiten ari da oraindik.

Mugimendu zapatistatik, M11, Anonymous eta Indymediaraino

Komunikazioa da zibermugimenduen funtsa, norabide askotako interakzioa ahalbidetzen duen informazio fluxua. 1994ra jo behar dugu lehenengo informazio gerrilla gisa ezagutzen dena aurkitzeko: Txiapaseko mugimendu zapatistak sare elektronikoa erabili zuen, Nazio Askatasunaren Ejertzitoak zituen helburuak ezagutzera emateko. Lortutako oihartzunari esker, Mexikoko Gobernuaren hainbat erabakitan eragin ahal izan zuten. Komunikatzeko gaitasuna dago, finean, mugimendu baten arrakastaren atzean, eta garai bakoitzeko komunikazio aukerek (korreo sistema zentralizatua, telegrafoa, mass mediak…) baldintzatu –ahalbidetu– dute era bateko eta besteko mugimenduen funtzionamendua. Internetek zentrorik gabeko komunikazioa sustatzen du, bitartekaritza –eta erabakiak hartzeko gidaritza lana– egingo duen nukleorik gabea, harreman sakabanatuetan oinarritua. Taldeak du indarra.

Hau guztia gizarte mugimenduen belaunaldi berri baten ingurumarian kokatu behar dugu. XIX. mendeko bigarren zatian, gizarte mugimenduak klase-borrokari eta Estatu-Nazioaren kontrol borrokari lotu zitzaizkien bereziki. XX. mendearen bigarren zatian ugarituko dira Gizarte Mugimendu Berriak izenarekin ere deiturikoak: giza eskubideak, arrazismoa, adierazpen askatasuna, ekologia, feminismoa, antimilitarismoa, euskara… bezalako arloak ere izango dira aldarrikapenerako motibo. Hain juxtu, gaiaz hausnartu duen Manuel Castells soziologo espainiarrak dio Internet bidezko mugimenduen ezaugarria dela balore eta printzipioetan oinarritzea, ideien inguruan jendea biltzeak komunikazio gaitasun handia eskatzen duelako, eta Internet tresna aproposa da zeregin horretan. Beste bi bereizgarri ere gaineratzen dizkio Castellsek ziberaktibismoari: kanpaina eta proiektu zehatzetarako koordinazio malgua izatea, egitura zurruneko erakunde, elkarte eta partidu tradizionalen krisiaren aurrean; eta mugimendu lokalak globalki zabaltzea. “Kontzientzia glokala –globala eta lokala– nagusitu da eskubide eta eskaeren inguruan”, dio Eduardo A. Vizer soziologo argentinarrak. Sarean, mugimenduen diskurtsoa bi norabidetan eraiki daiteke: komunitate jakin baten beharretatik abiatuz, edo eskaera unibertsalak dituzten talde anitz eta heterogeneoak elkartuz. Paradoxikoki, komunikazio globalak ahalbidetu ditu sistema neoliberal globalizatuaren aurka sortutako nazioarteko sareak.

Kontuak kontu, askotariko mugimenduak aurki ditzakegu teknologia berrietara lotuta. Webgune bat blokatzeko, bahitzeko edo saboteatzeko xedez, mezu bidalketa masiboak eta online manifestazioak antolatzen ditu hacktibismoak (motibazio politiko edo ideologikoek bultzaturiko hackerismoak). Anonymous taldeak, esaterako, mota horretako makina bat ekintza egin ditu. Besteak beste, AEBetako CIAren edota Espainiako SGAEren eta hainbat alderdi politikoren webguneak blokatu izan dituzte, eta hainbat herrialdetan taldeko kideak atxilotu dituztela-eta, gobernuen nahiz banketxeen webguneak erasoko dituztela egin dute mehatxu berriki.

Ezagun bihurtu dira Internet eta sakelako bidez deitutako elkarretaratze espontaneoak (flashmob, ziberturba, teknoturba… deiturikoak). SMSak gako izan dira hainbatetan: Seattle-n (AEB), ondoren segida izan duten elkarretaratze altermundista garrantzitsuak artikulatu zituzten 1999an, Merkataritza Mundu Erakundearen aurka; Joseph Estrada presidentea kentzeko erabakigarriak izan ziren mobilizazioak sastatu zituzten Filipinetan 2001ean; blog, e-posta eta foroen laguntzaz, segapotoetako mezu gurutzatuek 4.000 lagun bildu zituzten Madrilgo PPren egoitza aurrean, 2004ko martxoaren 11ko atentatuen harira jasandako manipulazio informatiboa salatu asmoz.

Hainbat kolektibok Interneten oinarritzen dute euren funtzionamendu, antolaketa eta proiektua, aktibisten nodo edo elkargune gisa jokatuz. MoveOn.org guneak deituta, New Yorken inoiz izan den manifestaziorik handiena egin zuten 2003an: 250.000 pertsona Irakeko gerraren aurka. Nodo50.org, No Border, Palestinian NGOs Network, Munduko Foro Soziala, ATTAC, Euskal Herrian bederatzi urte bete dituen Indymedia… ere, gizartea eraldatu nahi dutenen bozgorailu dira. Internet aurreko elkarteak, noski, ez dira atzean geratu eta Sarera egin dute jauzi; egun, ez dago webgunerik ez duen mugimendurik. Gainera, edozein izan daiteke ziberaktibista bloga sortuta, bideoak igoz, sare sozialetan mezuak hedatuz… diskurtsoaren oihartzuna biderkatu eta norberaren kausara jendea erakartzeko.

Azkartasuna vs. azaleko konpromisoa

Bai, oihartzuna biderkatzen dute teknologia berriek, eta –ematen zaion erabileraren araberakoa bada ere– eskema piramidal hierarkizatuekin puskatu eta antolakuntza dinamikoa ahalbidetzen dute, kide guztien parte-hartzea bultzatuz, munduko edozein pertsonarekin lotuz. Beste hedabide batzuetan pentsaezinak liratekeen mezuak ere zabaldu daitezke Interneten, Nestlé markaren aurkako kanpainan Kit Kat txokolatea bailitzan orangutan baten behatza jaten duen gizonaren iragarkia edo Wikileaks-ek haizatutako informazioa kasu. Euskarri aproposa dirudi Sareak, zentsura saihestu eta bidegabekeriak salatzeko.

Baina nolako militanteak lortzen ditu Internetek? Klik batekin mugimendu baten alde egitea bezain erraza baita aldarrikapenaz ahaztea. Facebook-en errauste plantaren aurka, gaixo dagoen umea laguntzea babesteko edo gasolindegiak boikotatzearen alde botoia sakatu duena –anonimoki, batzuetan– zein mailatan dago kontzientziatua? Benetan prest al dago konprometitzeko eta neurri errealak hartzeko? Malcom Gladwell idazle britainiarrak The New Yorker egunkarian kaleraturiko Why the revolution will not be tweeted artikuluaren arabera, sare sozialak ez dira gai benetako gizarte aldaketa eragiteko eta “konpromiso alferra” baino ez daukate defendatzen dituzten kausekiko. Batetik, pertsonen arteko harremanak azalekoak direlako, ez benetako loturek eraikiak; bestetik, tresnaren egitura deszentralizatuaren erruz aldaketak ezin direlako eraginkorrak izan: “Imajinatzen duzue Martin Luther King-ek bere iraultza planteatu izan balu Wiki bidezko eztabaida gisa?”. Erantzuna hainbat frontetik iritsi zaio: lotura ahulak lotura indartsu bihur daitezke, eta gainera, arduragabea litzateke azalekoa eta ahula dela argudiatuta militantzia horri uko egitea.

Interneteko informazio saturazioak ez dio hainbatetan zentzuzko eztabaidari gehiegi laguntzen, ordea. Proiektu puntual eta zehatz gehiegik kontrabotere sakabanatua eragin dezakete, fronte txiki pila batetan galduta eta status quoarentzat kaltegabea. “Sare sozialei esker adierazteko aukera handiagoa du jendeak, baina zailagoa da adierazpen horrek inpakturen bat izatea”, uste du Gladwellek. Horregatik, norbanakoen ahotsak koordinatuko dituzten guneak beharrezko jotzen ditu Castellsek, eragina lortzeko. Talde batzuen eta besteen artean sinergia eta babesa egotea, edota proiektu beraren baitan mugimendu ezberdinak biltzea. Horrela jaio izan dira MoveOn.org bezalako presio talde birtual handiak, adibidez.

Arriskua zein den? Bada, hain juxtu, egiazko bizitzan islarik ez duen unibertso birtual autoerreferentzialean murgiltzea, ahaztuz mundu birtualak segida behar duela errealitatean, eraginkorra izango bada. Berriz ere, konpromiso mailan dago gakoa. Facebook sare sozialean iaz sorturiko ekimen interesgarria da StopBanque: 2010eko abenduaren 7an gure aurrezkiak bankutik ateratzeko proposamena luzatzen zuen taldeak, sistema kapitalista bortitza kaltetu nahian. Atxikimendu andana lortu zituen ekimenak Interneten, batez ere elkarrizketa batean Eric Cantona futbolari ohi frantziarrak babesa eskaini zionetik. Larritu ere egin zen Bankarien Elkarte Britainiarra, kutxetatik dirua masiboki ateratzeak hondamendia ekar zezakeela ohartaraziz. Kanpaina hezurmamitzerakoan, ordea, arrakasta erreala ez zen birtualaren parekide izan, eta erantzun txikia izan zuen.

Beste kasu batzuetan, teknologia bidezko deialdiak gai izan dira beroaldian azkartasunez erreakzionatzeko eta elur-bola efektuari esker mobilizazio handiak pizteko. Garrantzitsua da protesta horiek modu egokian artikulatzea, zentzua galdu ez dezaten eta eragina izan aurretik desagertu ez daitezen. “Erabat espontaneoak diren mugimenduak desagertu egiten dira azkenean, eta horregatik beharrezkoa da energia alterglobalizatzaile hori guztia norabait zuzentzea. Ezin dugu pentsatzen jarraitu kaleko erantzun soila panazea denik, ezta aktibismoaren edo hacktibismoaren taktika isolatuak nahikoak direnik ere, kontrabotere edo mikrobotere erakustaldi hutsean erori gaitezkeelako, proiektu kritiko eta solidarioen kudeaketa konformistan; botere alternatiboa botere ofizialaren aurka”, idatzi du Cibergolem ezizen kolektiboak La quinta columna digital lanean. Alegia, militantzia berria eta protesta ekintza jendetsuak erakartzeko gauza izateaz gain, planifikazioa, helburu zehatzak edota integralak, aurrera begirako estrategiak komenigarriak direla, asmoak ezerezean gera ez daitezen.

Erdibidetik

Bi ondorio atera daitezke StopBanque ekimenetik. Batetik, zaila dirudiela benetako aldaketa lortzea inguru birtualean bakarrik eraginez, ekintzak kalera eraman gabe. Proiektu hibridoak izan daitezke bidea, mezua zabaltzeko, lo daudenak esnatzeko eta altxarazteko Internetek eskaintzen duen abagunea aprobetxatuz, baina dagokion lekuetan erabaki zehatzak hartuz. Bestetik, konprometitu birtuala ez da konprometitu errealaren sinonimo. Baina Sarea bera izan daiteke jendea kausa baten alde konprometituarazteko bitartekoa, elkarretaratze espontaneoak ondo pentsaturiko elkarretaratze bihurtzekoa; azken finean, zein puntutaraino da Internet azaleko militantziaren erantzule, eta zein puntutaraino da, hein batean, egungo gizartearen isla?

Gauzak ez direnez zuri ala beltz, ikuspegi ziber-utopikoa ez da errealista, baina isilarazitako eta baztertutako ahotsen bozgorailua errefusatzeak ere ez du zentzurik. Nolanahi, Malcom Gladwell idazleak argi du: garrantzitsuena ez da nola egiten dugun protesta, baizik eta zerk bultzatu gaituen horretara.

Gaiaz gehiago:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude