argia.eus
INPRIMATU
Zezenak, banderak eta bozkak: gazteria, berriro, bidegurutze berean
Manex Gurrutxaga 2025eko abenduaren 19a

Azken egunetan Ezker Abertzalearen barne kontraesanek dimentsio publikoa hartu dute. Komunikabideen eta alderdi politikoen kriminalizazio kanpaina dela eta, Arkaitz Rodriguezek eta Pello Otxandianok Ernai antolakundeko zenbait gazte publikoki salduta utzi dituzte. Zergatik, eta baloratu dutelako PPko egoitza bati pintura botatzeak edo Espainiako banderak instituzio publikoetatik kentzeak EH Bildu ahuldu dezaketela EAJren aurkako lehia elektoralean. Horregatik, nahiago izan dute EH Bildu ekintzetatik erabat aldendu eta beraien gazteriaren zati bat botere mediatikoen eta errepresiboen aurrean bakar-bakarrik utzi.

Rodriguezen eta Otxandianoren adierazpenekin begi-bistan geratu dena da Ezker Abertzalearen estrategia politikoak oinarrian duen kontraesanetako bat. Izan ere, estrategia politiko bat lehia elektoralistaren menpeko bihurtzeak dakarrena da, nahi eta nahi ez, mugimendua bere osotasunean zentro politikora gerturatzeko joera. Hau da, EAJri hautesleak kentzeko helburuarekin gero eta gehiago mugitzea status quora, diskurtso hutsaletara eta proposamen politiko anbiguoetara, besteak beste. Eta bilakaera hori are bortitzagoa bihurtzen da, gainera, egungoa bezalako garai historikoetan, zentro politikoa gero eta eskuinerago mugitzen ari denean.

Prozesu horrek, baina, ez dauka zertan kontraesanik eragin. Ezker Abertzaleak aspaldi egin zuen hautua eta buruzagiak, liberatuak eta militantzia inplikatuena, gutxienez, oso kontziente dira prozesu horrek suposatzen dituen “bidesari” ideologikoez eta etikoez. Kontraesana sortzen da, aldiz, zentro politikorako joera hori ezkerretara eremu librerik utzi gabe egin nahi denean, eta horretarako mugimenduaren zati bati esleitzen zaionean ezkerretara sortzen ari den eremu politiko berria lehiatzeko zeregina. Hau da, bi espazio politiko ezberdin aldi berean okupatu nahi direnean: alde batetik, gazteak eta ezkerreko sektoreak adierazpen politiko komunistekin eta apurtzaileekin lehiatzeko funtzioa dutenak; eta, bestetik, sektore moderatua EAJri zentro politikoa lehiatzeaz arduratzen dena.

Zentro politikora egindako bidaiari esker instituzioetan botere kuotak handitzea ez da eraldaketa sozialerako inolako bermea, eta are gutxiago erroko aldaketetarako

Kontua da, ordea, alderdi instituzionala dela mugimendu guztiaren erreferentzia politikoa, eta baita indar guztiak batu behar diren eremua ere. Beraz, ezker eremuko lehia horretan nahi dutena egin dezakete gazteek, baita politika instituzionaletik kanpo kokatzen diren ekintza konfrontatiboagoak ere, baldintza bat betetzen duten bitartean, jakina, EH Bildurentzako botoak pilatzea eta prozesu hori inolaz ere ez oztopatzea. Horrek, praktikan, gazte antolakundea alderdi instituzionalaren dependentzia totalera kondenatzea esan nahi du.

Kontraesan berberak egin izan du eztanda, esaterako, militantziaren zati batek presoen ongietorriak egitea defendatu duenean, faxismoari kalean aurre egiteko beharra aldarrikatu duenean edo, orain, Ayusok esandakoei hitzez haratago erantzutea zilegi dela dioenean. Ez da gaurko kontua. Gure belaunaldiak ere horma bera topatu zuen Ezker Abertzalean, eta saiatu ginen mugimendua barnetik ezkerretara mugiarazten, baina ikasi genuen programa politiko erreformista eta autonomista bat momentu puntualetan formetan erradikalizatzea ez dela benetan mugimendu politiko baten norabidea aldatzea, funtsean, sektore ezkertiarrak kontentu edukitzeko darabilten barne-estrategia bat baino ez dela.

Langile klasearen independentzia politikoa da eraiki behar dena, hori baita berme bakarra eraldaketa sozial handiak gauzatzeko. Zentro politikora egindako bidaiari esker instituzioetan botere kuotak handitzea ez da eraldaketa sozialerako inolako bermea, eta are gutxiago erroko aldaketetarako, instituzioek beraiek dauzkaten mugengatik eta baita erdi mailako klasea, erosotasunagatik desmobilizatua, oro har, estrategia politikoaren zentroan jartzeagatik, langile klasearen indar handi bat sortzea lehenetsi beharrean. Etorkizun hurbilak ezarri dizkigun erronka handiei, faxismoari eta estatu kapitalisten gerrarako joerari, esaterako, masa mugimendu handiekin eta mobilizazio etengabearekin baino ezingo diegu aurre egin. Horretarako beharrezkoa dena da antolakuntza forma eraginkorrak, diziplinatuak eta militanteak auzo, herri, lantoki eta ikastetxe bakoitzean, gai izango direnak borroka kultural sakonak emateko eta masa zabalen kontzientziak gararazteko, azken horiek eraldaketa sozial erradikalen parte bihurtzeari esker, eta inolaz ere ez lehia instituzionalak norabidetzen duen mugimendu politiko bat.

Eztabaidaren funtsa programa politikoaren edo estrategia politikoaren edukian dago berez. Autodeterminaziorako eta Euskal Estatu Sozialistarako bidea ez delako pasatzen erreformismotik eta autonomismotik; hori ezerezera kondenatuta dagoen bidaia baino ez da, historiak hainbatetan erakutsi duen moduan. Azken hori defendatzen dutenentzat aurrenekoak eslogan moduko batzuk baino ez dira, tarteka aipatu behar direnak, baina eguneroko praktikan inplikazio errealik ez dutenak eta inoiz iritsiko ez diren etorkizun utopiko baten parte direnak. Aurretik dauzkagun erronka handien aurrean langileria ideologikoki eta politikoki armatu dezakeen programa politiko bakarra marxismoarena da, komunismoarena; eta, itxura guztien arabera, bide horretan indar guztiak izango dira beharrezkoak.

Manex Gurrutxaga, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako militantea