argia.eus
INPRIMATU
Zestoako Udalean greba eskubidea ez dutela urratu ebatzi du Lan Ikuskaritzak
  • Uztaila eta abuztuan greban izan ziren Zestoako Udaleko behin-behineko zenbait langile "egoera prekarioari irtenbidea emateko". ELA sindikatuak Gipuzkoako ikuskaritzan salaketa jarri zuen, Udalak langileen greba eskubidea errespetatu ez zuela argudiatuta. Asteazkenean eman du Ikuskaritzak salaketaren ebazpenaren inguruko iritzia: greba eskubiderik ez zela urratu ebatzi du, Zestoako udal gobernuari arrazoia emanda.

Axier Lopez @axierL 2022ko urriaren 06a
Zestoako udal gobernuko kideak. Argazkia: Zestoako Udala

ELA sindikatuaren salaketaren oinarria ondorengoa zen: Greban izan ziren langileen funtzioak –nagusiki brigadako lanak, Zestoako eta auzoetako festen garaian– beste langile edo pertsona batzuek egin zutela salatu zuten, eta hori legez kontrakoa dela iritzita salaketa jarri zuten. Horrela, bi hilabete inguruko ikerketa eta gero, lan gatazkak eta salaketak ikuskatzeko ardura daukan erakundeak ebazpena plazaratu du, sindikatuak salatutako urraketarik ez zela gertatu esanez.

Zestoako Udalak zabaldu duen oharrean pozik agertu da Ikuskaritzaren erabakiarekin eta azpimarratu du udan alkateak egindako adierazpenetan argi azaldu zela "inolako eskubide urraketarik ez zela gertatu". Udal gobernuak gogorarazi du ELAk gaiaren inguruko bere azken idatzian, "besteei eskirol eta antzeko irainak leporatzeko lotsarik ez zuela izan". Udalak sindikatuari eta grebalariei "gaizki egindakoa" aitortzeko gonbita luzatu die.

ELAk adierazi du ez dagoela ados ebazpenarekin, eta batez ere erabili dituen argudioekin eta azpimarratu du Ikuskaritzak ez duela aztertu zein diren brigadako langileen funtzioak: "Muntaia eta desmuntaiaren zuzendaritza eramaten duten brigadako langilea greban baldin bazegoen, argi dago funtzioen aldaketa egon dela, berak azken urteetan egin duen zuzendaritza hori beste batek/batzuek egin du(t)ela".