Legebiltzarraren burujabetza adierazpena: zerrenda luze baten enegarren kapitulua

  • Eusko Legebiltzarra erabakitze eskubidearen alde mintzatu da. EAJ eta Bilduk alde bozkatuta, Legebiltzarrak Euskal Herriak "subjektu politikoa" eratzen duela adierazten duen idazkia onartu du. Ez da Gasteizko ganberak autodeterminazio eta erabakitze eskubidearen aldeko adierazpena onartzen duen lehen aldia. Jarraian 90eko hamarkadatik aurrera izan diren adierazpen horietako batzuk zerrendatu ditugu:


2015eko urriaren 09an - 11:42
Ibarretxe estatutu berritu bat egiten saiatu zen

1990: Eusko Legebiltzarra burujabetza eskubidearen alde agertu zen. Onartutako testua EAJ, EA eta EEren artean adostutako emendakin bat izan zen. Herri Batasunari dagokionez, adierazpena bozkatzerako unean bilkura aretotik irten zen, EAJk adierazpena puntuka bozkatzea errefusatu baitzuen –HB lehen puntua babesteko prest zegoen, baina gainontzekoekin ez zegoen ados–. Idazkiak Autonomia Estatutuaren defentsa eta autogobernuaren sakontzea biltzen zituen. Era berean, erabakitze eskubidea “prozesu dinamiko” bezala definitzen zuen.

2002: Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko txostena onartu zuen. Besteak beste, “Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela” jasotzen zuen. 1990eko adierazpenari zein nazioarteko zuzenbideri aipamen berezia egiten zien. EAJ, EA eta IUren aldeko botoak izan zituen, Batasuna abstenitu egin zen, eta PSE-EEk eta PPk aurkako bozka eman zuten.

2004: Ibarretxe Plana deiturikoa estatutu berritu bat egiteko saiakera izan zen. 2003an Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen, eta 2004ko abenduaren 30ean Parlamentuaren oniritzia jaso zuen. Estatutu proposamenaren onarpenerako funtsezkoa izan zen Batasunako hiru legebiltzarkidek emandako aldeko bozka –beste hiruk aurkako botoa eman zuten, eta bat abstenitu egin zen–, asko ezustean harrapatu zituena. Hauexek ziren planaren planteamendu nagusietako batzuk: EAEk identitate propioa dauka; herri bezala erabakitzeko eskubidea aitortu behar zaio;  hala nahi duenari euskal pasaportea emanen zaio; bertako herritarrek erabakiko dute zer harreman izan nahi duten Ipar Euskal Herriarekin eta Nafarroarekin, beti ere bi lurralde hauetako biztanleek erabakitzen dutenaren arabera.

Espainiako Kongresuan amaitu zen proposamen honen bidea: 2005eko otsailaren 1ean 313 diputaturen aurkako botoekin atzera bota zuten. Aldeko 29 boto lortu zituen, EAJ, ERC, CIU, Nafarroa bai eta BNGk emanak. Garai hartan ezker abertzaleak ez zeukan ordezkaritzarik ganbera hartan, legez kanpo baitzegoen.

2006: Montenegro zoriontzeko aitzakiarekin –urte hartan bilakatu zen estatu independente–, Legebiltzarrak, beste behin ere, “euskal gizarteak etorkizunean zer izan nahi duen” erabakitzeko eskubidea defendatu zuen. Kasu honetan, elkarrizketaren garrantzia azpimarratu zuen, normalizazio politikorako “ezinbestekoa” zela esanez.

2014: Gasteizko ganberak euskal herritarren burujabetza eskubidearen aldeko adierazpena egin zuen. EH Bilduren ekimenez aurkeztu, eta EAJren aldeko botoa jasota onartu zen. Adierazpen horren xedeetako bat 1990eko testua berrestea zen, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea duela azpimarratzearekin batera. Horren harira, adierazpenak “euskal herritarrek etorkizunean izan nahi duten estatus ekonomiko, politiko eta soziala erabakitzeko eskubidea dutela” jasotzen zuen.  90eko proposamenarekin konparatuta, hau zuzenagoa eta zehatzagoa zen. Dena den, biak ala biak legez besteko proposamenak izan ziren, eta ez zuten ondorio juridikorik izan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erabakitzeko eskubidea
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Aterik itxi gabe, Espainian hoztasunez jaso da Urkulluren proposamena

Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.


Eguneraketa berriak daude