argia.eus
INPRIMATU
Convergència i Esquerra: prest dago irailaren 27rako zerrenda bateratua
  • CDCk eta ERCk akordioa lortu dute datorren irailaren 27ko hauteskundeetara aurkeztu beharreko hautagaitza formulari buruz, Vilawebek jakinarazi duenez.

ARGIA @argia 2015eko uztailaren 14a
Artur Mas eta Oriol Junqueras bilerara sartzen. (Arg: Vilaweb). Artur Mas eta Oriol Junqueras bilerara sartzen. (Arg: Vilaweb)

Astelehenean egindako bilera luzeen ondoren adostu zuten formula eta gaur arratsaldean independentistek egingo duten bilera berriaren ondoren emango dute honen berri.

Independentista katalanak politikaririk gabeko zerrenda bateratuan elkartzea izan zen ANC, Omnium eta udal soberanistak biltzen dituen AMIk egindako proposamena. Atzoko bileraren ondoren, aldiz, ERCk eta CDCk adostu dute Artur Mas eta Oriol Junqueras ere zerrendan joango direla. Bileran, aipatu erakunde soberanistak, CDC, ERC, CUP, Ezkerreko Mugimendua (sozialista soberanistak) eta Kataluniako Demokratak (Unió-ren zatiketa) izan ziren.

Iragan asteburuan egindako batzarrean, politikaririk gabeko zerrenda izan ezean, haiek beren zerrenda egingo zutela onartu zuen CUPek eta hala izango direla dirudi. Alabaina, badirudi CUPek bai hartuko lukeela parte independentziara iristeko eta berau sostengatzeko egingo liratekeen itun orokorragoetan.  

Oraindik zalantza asko dago argitzeko, baina badirudi zerrendaburua gizarte zibilean prestigio handia izango duen norbait izango dela. Mas eta Junqueras parlamentari ateratzeko postuetan joango dira. Lau alderdien arteko koalizio gobernua osatuko litzateke eta CUPek parlamentutik sostengatuko luke.

Zerrendak hauteskundeak irabaziko dituela aurreikusten da eta aterako den gobernuaren lanik garrantzitsuena Legebiltzarrak aldarrikatuko lukeen independentzia gauzatzea litzateke. Bi hilabetetan konstituzio berriaren proiektua idatziko litzateke eta 18 hilabetetan estatu berriaren sorrera iragarri. Ondoren, independentzia prestatzeko negoziazioak eskatuko litzaizkieke Europar Batasunari eta Espainiari.