argia.eus
INPRIMATU
Zerk errazten duen zure seme-alabak pobre izatea
  • Foessa fundazioak argitaratu berri duen txostenak baieztatu du: euren haurtzaro eta nerabezaroan ekonomikoki egoera zaila bizi izan zutenen hamarretik zortzi gaur egun egoera bertsuan daude. Noticias de Gipuzkoak erreportaje batean bildu ditu zergatiak.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 13a
Bilboko Iralako jantoki soziala. (Artxiboko argazkia)

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren inguruan Belaunaldiarteko pobreziaren transmisioa: eragileak, prozesuak eta esku-hartzeko proposamenak du izena Foessa fundazioak argitaratu duen txostenak. Honen arabera, gurasoen enpleguak eta heziketa-mailak zehazten dute seme-alabek pobrezia jasango duten ala ez.

Familia askoren egoera kaskarra da Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Krisiak bortizki astindu ditu euren ekonomia txikiak gobernuen murrizketen bidez, eta ondorioz, baldintza gogorretan bizi dira. Enplegu prekarioa gailentzen da eta beraz, krisiaren aurretik lana edukitzeak segurtasun ekonomikoa bermatzen zuen arren, gaur egun egoera aldatu egin da erabat. Langabeek jasotzen duten heziketa ere ez da faktore erabakigarria, maila baxuko lanbide-prestakuntza nagusitzen baita oro har.

Bizkaiko Caritaseko langilea den Ana Sofi Telletxeak Noticias de Gipuzkoan azaldu du familiek denboraldi luzeagoan behar dutela laguntza gaur egun: “Krisiaren aurretik bost urte baino gehiagoz laguntza jasotzen zutenak %19 ziren eta orain %36 dira. Igoera honek pobrezia kroniko bihurtzen dela esan nahi du”.

Ana Aguirrek ere Caritasen egiten du lan. Adierazi du haurtzaroan eta nerabezaroan egoera zailak bizi izan dituenak aukera gehiago dituela baztertze eredu bat errepikatzeko etorkizunean, ez ordea gabezia horiek bizitzako beste etapa batean jasan izan baditu.