argia.eus
INPRIMATU
barra warroak
Zeri Kantatzen Diogun
Behe Banda 2025eko maiatzaren 19a
Behe Banda

Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiar Estatuko makrojaialdi gehienak erosi ditu. To. Hondartza ondoan noria eta guzti duen jaialdia zein hardcoreta tatuajedunak joaten direna, 1.400 miloi euroko trukea, Palestinako kolonia israeldarretan etxebizitzak eraikitzeko. Harritu beharrik ez dago ordea, badakienak badaki makrojaialdi gehienen (guztien) jabeen eskuek zeri heltzen dioten. Horren aurrean, zer?

Errimak aurkitzea ez da batere zaila. Zaila, eskuila, muraila, zizaila, igitaia, kraskaila, buila, lursaila, zarpaila. Edozeinek egin dezake. Dezake, bake, immunitate, errespontsabilitate, fribolitate, atake, publizitate. Ametsei buruzko bi metafora egin, esaldi bihurtu, bata bestearen atzean jarri. Jarri, iraungarri, miragarri, hilarri, eztarri, esplotagarri, harri.

Melodia bat bost urteko ume batek asma dezake. Do, Fa-Fa Sol La Sol, Si La Sol, Re Re Mi Re Do. Gogoraerraza izan dadila, eta milaka pertsona eduki ditzakezu, ametsei buruzko bi metafora sinple horiek esaldi bihurtuta, bata bestearen atzean jarrita eta melodia bat asmatuta, eztarria urratuz lau haizetara abesten. Ametsen bideak argituko digu eguna zoriontasunaren atarian, edo horrelako zerbait. La, Si, La, Sol, La, Sol, Fa, Mi, Re, Do.

Artista izatea ez da hain berezia, ez da hain zaila. Segidak osatzen jakitean datza, besterik ez. Segida horren helburua zehaztea da zaila. Zergatik. Zertarako

Artista izatea ez da hain berezia, ez da hain zaila. Segidak osatzen jakitean datza, besterik ez. Segida horren helburua zehaztea da zaila. Zergatik. Zertarako. Segida hori non erakutsiko duzun eta nork jasoko duen.

Eta gero zu zaude hor, beste, nik zer dakit, lau mila pertsonaren artean eztarria urratuz gogoraerraza den ametsei buruzko… beno, hori abesten. Eta konturatzen zara berdin dizula zer ari zaren abesten ere, nori ari zaren abesten eta non ari zaren abesten. Eta badakizu, sakonean, berdin dizula nor ari den abesten, nork zerbitzatu dizun kaña, nork ordaintzen dien.

Konformatu eta begi gainean jarritako bi eskuen arteko zirrikitutik begiratzea baino gehiago dugu egiteko. Bada gauzak egiteko beste modu bat, hamaika adibide. Hitzen arteko loturek klik egitea, melodiak hura laguntzea, zerbaitetarako kantatzea. Zerbaitetarako Kantatzea. Musika helburuz betetzea. Diru-gosea ideia baten kontra. Zeri kantatzen diogun. Zeri Kantatzen Diogun.

Zer ezkutatzen den kolore bizidun pantaila guzti horien atzean, zer ezkutatu izan den aspalditik. Nork ezkutatu duen eta nori berdin zaion iragarki mugikor izatea. Egiten dugula egiten dugula, erabaki bat dela ulertzea, beti izan dela erabaki bat; hori da dagokiguna.