Zergatik ikusten da Kataluniatik posible Euskal Herritik ezinezkotzat duguna?

  • Urriaren 1eko erreferendumera zanbuilatxo bat egin genuen Kataluniara. Han egonik, iruditu zaigu ez dagoela beste aukera errealagorik Espainiarengandik bereiztea baino: independentzia, konfederazioa, edo nahi dena, baina parez pareko harreman bat hastea. Euskal Herrian denek esaten digute Espainiak jango dituela, katalan hauek ez dakitela zer datorkien... Zergatik ez da jasotzen Euskal Herrian Kataluniako herriaren indarra?


2017ko urriaren 09an - 21:11

Balio positibo denak independentziarekin lotzen dituzte soberanistek uneoro, bai erreferendum eguneko oharretan, mobilizazioetan, telebista eta irratiko diskurtsoetan... “Bozkatzea demokrazia da”, “hitz egiteari bai esaten diogu, baina oinarrizko eskubide bat bermatzeari uko egin gabe”, “katalanak bake-jendea gara”, “gure bidea ez doa inoren kontra”, “bandera españolak ere ongi-etorriak dira”, “jarraitu nahi dugu orain arteko harreman onak izaten Espainiarekin”, “jarrera denak errespetatzen ditugu, baita urriaren 8an manifestatzen ari direnak ere”, “ez gara eroriko ultren eta polizien probokazioetan”, “une larriotan eutsiko diogu duintasunagatik”. Urriaren 3an Greba Orokorra eta eskoletan klabelin eskaintza egin zituzten. Nou Barris langile auzora jo genuen, eta entzun genuen auzotar bat esaten “eurek ostiak ematen dizkigute, eta guk haiei klabelinak... beno, beste pixka batean jarraituko dugu horrela”. Emakume bat inguratu zitzaion eta gozo-gozo esan zion “horrek egiten gaitu indartsu, gu ez gara eurak bezalakoak”,

Komunikazioa eta irrati eta telebista publikoa

Independentziaren bidea pertsonen balio gorenekin lotuta, diskurtso eta jarrera aldetik jende osasuntsua eta zoriontsua dira egun independentistak. Kantxaren erdian hain ongi kokatuta, besteak dira, unionistak, Espainiako nazionalismo itxia, zokoan eta modu guztiak galduta ageri dena, haserre, argudio gisa beldur faltsuak zabalduz, indarkeria zabarra erabiliz egoera beste inola ezin duela kontrolatu erakutsita...

Ezberdintasun handia dago, ostera, Kataluniak eta Euskal Herriak nola egiten duen liseriketa: Kataluniako telebista eta irrati publikoan, eta kalean, Espainiaren propagandari argudioekin, umorez, eta politikoki erantzuten zaio. Poliziak eta Guardia Zibila pitorreorako maskota bihurtu dira Piolin eta guzti; erreferendumaz esan diren astakeria bakoitzari argudio gordinez eta umore zirikatzailez erantzun diote telebista publikoan, Espainiako erregearen diskurtsoak ekarri du Polonia saioaren ale eder bat, Pereten erritmoan gitarra jotzen agertzen duena Franco, erregea tartean sartzen dela, youtuben ikustea merezi duena. Catalunya Ràdio entzuten gindoazen kotxean, eta algaraka malkotan jarri gintuzten Guardia Zibilak biktima handienak bailiran agertzeko Espainiak egin zuen kanpainaren gainean egin zuten umorearekin.

Umorea gai edo egoera gordinena landu eta liseritu dugunean soilik egiten omen dugu. Horregatik omen da osasungarri. Katalunian etengabe ari dira horretan, eta hain urrun iritsi izateko erramintetako bat izan dela aitortu zigun herritar batek erreferendumeko eskola defendatzera zihoala 5:00etan: “Bestela ez dago zentzugabekeria handi hau eramaterik”.

Euskal Herrian harrapatu gaitu Kataluniatik egoitza fiskala Madrilera mugitu omen duten enpresen albisteak, edo beldurra sartzeko zabaldu duten propagandak. Euskal irrati eta telebista publikoak puntan dabiltza aktualitateko “berri” horiek zabaltzen, ez, ordea, berri horiekin batera errealitatea interpretatzen, benetako arriskuak eta beldur mezuak bereizten... umoreaz zer esanik ez, ikusi TV3 edo entzun Catalunya Ràdio eta ea hemengoak zer iruditzen zaizkizun... Euskal Herrian ez dugu digestiorik egiten, eta Espainiarengandik etor litekeen errepresioaren beldurrak paralizatzera garamatza. “Oso ongi katalanak, orain arte lortu duten guztia garaipen handia da, baina ezingo da, ez diete utziko, ikusiko dute...”.

Ikusteko dagoena, katalanek gertaera eta eraso hauen denen aurrean nola erantzungo duten da. Bi pista: Nou Barrisen, Agora eskola txikituaren aurrean, kontatu ziguten erreferendumaren eguna nola joan zen eta Poliziak eman zien jipoia, juxtu eskola horretan mahaiko lehendakari zenak eta lehen lerrotik ikusi zuen gizon batek. Mingots, begiak beteta, argi adierazi ziguten Poliziak zaharrengana jo zutela zuzenean egurra banatzera. Eskolaren atea defendatzen sasoikoenak zeudela, eta zaharrei eta mugikortasun arazoak zituztenei utzitako pasillora jo zuela poliziak, atea bestaldean egonik ere. “Guk hori ikusita indarkeriaz erantzungo genuela usteko zuten, erreakzio horren bila egingo zuten beren operazioa, bestela ez da ulertzen, 2.300 eskoletatik 100 bakarrik hautatu izana, eta ez gainera jendetsuenak, eta gure auzoa, behintzat, unionistenetakoa”. Galdetu genien jipoi horrek herritarren artean beldur edo eskarmenturik ekarri zuen: “Alderantziz. Gaurko manifestazioan ikusiko dituzu erreferendumean boza ematera joan ez ziren herritar asko. Esan digute ‘ni ez naiz independentista, baina ez dut nire herritarrak txikitzerik onartzen’”.

Balioetan ongi kokatuta, eta Espainiatik datozen erasoak seinalatuz, argudiatuz eta umore gai bihurtuta, independentismoa jendea irabazten doa, baita egun hauetan ere.

Agoniazko 45 minutu bizi izan zituztela ere kontatu ziguten. 9:00 zen arren ordu ofiziala, 9:30ean zabaldu omen zen euren eskola botoa emateko, jakina denez, Espainiako Gobernua Generalitatearen sistema informatikoa saboteatzen aritu baitzen, eta informatikarien gerla hark markatu zuen zein tartetan boza eman ahal izan zuten eta zein tartetan ez. 9:30ean eskola zabaldu, eta lehen berriak iritsi omen zitzaizkien, polizia Nou Barris auzoko beste eskola batean sartua zela, bortizki: “zaharrek zuten bozkatzeko lehentasuna, lehenbailehen arriskutik aldentzea nahi baikenuen. Ate aurrean zaharren pilaketa handia sortu zen, eta guk esaten genien zer zen gertatzen ari zena...”. Handik hamar minutura, auzo bereko beste eskola batean, Agoratik gertuagoko batean, Poliziaren lanaren beste froga bat, oraingoan argazki eta guzti: “errepikatzen genien, gerturatzen ari dira, etorriko dira, etorriko dira, begira argazkiak... eta zaharretan inork ez zuen pauso bat atzera eman. Bozkatu nahi zuten”. Erreferendumaren egunean zaharrengandik mezu hori jaso genuen: “Urte askoan ez didate bozkatzen utzi, eta horrekin ez da jolasten”. Agorako gertaerak kontatu zizkigun gizonak horrela zioen: “Nire boza lapurtua izan zen, beste 700.000rekin batera. Oraindik ez dakigu horiek denak non dauden eta eurekin zer egin duten”.

Boza emanda eskolatik ateratzen zirenean, jendearen txalo zaparrada artean, batzuek esaten zuten: “Bozkatu dut. Sistemak funtzionatzen du”. Sistemak funtzionatzen du, astebetera konturatu gara gerra informatikoaren garrantziaz, Nacio Digital-ek Així es van fer els ciberatacs contra el referèndum artikuluan dugu ederki kontatua.

Baketsuak irmoa esan nahi du

Egiteko darabilten modua baketsua eta festa-modukoa bada ere, sekula ez dute helburua dudan jartzen, alderantziz, indartzeko erabiltzen dute modu baketsu eta irmo hori. Erreferenduma egitea zen urriaren 1eko helburua, eta garaipen handia izan zen egin izana. Polizien jipoi basatiek egun hura minarekin ere lotzea lortu dute, baina garaipena izan zen gerra informatiko isila irabazi izana, ehun milaka herritarrek eskolak fisikoki defentatu izana, mehatxupean egiten ari zen erreferendumean hainbeste herritarrek boza eman izana... inork ez zuen “Espainiako legearen araberako” formula edo saihesbiderik erabili egun horretako ekintza denak burutzeko. Inork ez zion iskin egin helbururari. Eta bizi izan genituen poliziari herritarrek modu baketsuan irabazi zioten uneak: Graciako Vedrunan kalez jantzitako poliziak zebiltzala somatuta, haiek joan artean auzokoak soilik bozkatu ahalko zutela jakinarazi zuten. Auzo Gotikoan zarataka bidali zituzten kalez jantzitako beste bi polizia. Irudi epikoak ikusi ditugu, herritarrek nola bidali dituzten poliziak eta beren autoak atzeraka erdi-korrika txikian... Baketsuak irmoa esan nahi du eta eraginkorra, Katalunian.

Praktikan ematen den urrats bakoitza berme da hurrengo urratsetan konfiantza izateko. Hala adierazi zuen Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak TV3-n, Espainiako erregeak hitzaldia eman eta biharamuneko 8:30ean, kazetariak galdetu zionean, “baina Mossoen agintea hartuko du Espainiak, telebista hau itxiko digute!”; Turullen erantzuna: “Eta ez genuen erreferenduma egingo eta egin genuen, eta ez zen boto-kutxarik egongo eta egon ziren, eta ez zen boto-paperik egongo eta egon ziren... beraz... lasaitasuna”.

Irudimena erakutsi dute, baina inoiz ez mezuak eta helburuak arintzeko. “Hau geldiezina da” esaten du Katalunian erreferendum bueltako egunak bizi izan dituenak: “Puigdemonti, edo Espainiak ez dio barkatuko, edo herritarrek ez diote barkatuko”. Lerro hauek idazterakoan ezezaguna zitzaigun astearte arratsaldeko adierazpena, baina Euskal Herritik begiratuta Espainiako presioei aurre ez egitea ezinezko badirudi, Kataluniatik ikusita herritarren borondate erabat zilegiari iskin egiteak dirudi ezinezko, doan lekura doala “presidente! presidente!” oihuka hartzen dutenarengandik.

Inork ez dakigu independentzia edo harreman parekatuago bat bederen lortuko duten, baina askok sinisten dugu inork lortzekotan katalanek lortuko dutela, eta inoiz lortzekotan orain. Hori errepikatzen digute beraiek kalean: “Orain, edo beste 300 urtean ez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude