Asteko albiste nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe: ehuneko 50eko muga-zerga ezarri die Trump administrazioak Indiatik datozkien esportazioei. Brasilekin parekatuta, zerga estatubatuar astunenak pairatu beharko dituen ekonomia handia izango da, aldaketarik ezean, indiarra aurrerantzean.
Bazkide komertzial handienetakoa du Indiak AEB, eta superabit handiena uzten diona, beste batzuen (Txina, Golkoko herrialdeak, Asean -Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Batasuna-) kasuan ez bezala. Baina ez da hori ehuneko 25eko muga-zerga arruntak bikoizteko erabili duen aitzakia, baizik eta Errusiari erosten dion petrolio eta gasarena, Mendebaldeak ezarritako debekuei uko eginez. Esan gabe doa hiru urte pasa daramatzala Indiak hori egiten eta, gainera, Europako herrialde asko eta asko, guztiz jakinaren gainean, aritu eta ari direla errusiar erregai horiek, garestixeago, erosten.
Zertara letorke, beraz, jipoiaren arrazoibidea? Saudi Arabia eta Golkoko erregaien mendeago jarraraztera India? Europako hainbat herrialdek duela hiru urtetik darabilten trikimailua zapuztea? Zer ote deritzote horri guztiari buruz oraingoz salbuetsita geratu bide diren indiar teknologia-esportazioak (Appleren iPhoneak, demagun), lehen Txinan ari zirenean gisa horretako zerbait pairatzeko arriskuagatik Indiara lekualdatu zirenak?
Gertaeren aldiberekotasun batek biziro errazten du ukaldiaren ulerbidea: zenbatekoan ez ezik denboran bat egin dute Indiari eta Brasili ezarritako muga-zergek. Eta bigarrenaren kasuan, lotsagabekeriaren markak ondu ditu Trump administrazioak, itzulingururik gabe erabili nahi baitira muga-zergak Brasilgo barne-gorabehera judizial bat desbideratzeko.
Aitzakiak koiunturazkoak izango badira ere, begien bistan dago BRICS-kide nagusiak, eta haiekin bat egiten dutenak, kaltetu nahi dituela Trump administrazioak. Eta, era batera edo bestera, haien multzoak izan dezakeen sintonia zartatu eta hautsi nahiko lukeela. Geroak esango du halakorik lortzen ote duen. Susma liteke, hala nahiko balu ere, Modik nekez izan dezakeela eskura tenore bertsuan Txinak eraginkortasunez baliarazi duen (eta etorkizunean ere erabiltzeko prest dirudien) mineral estrategikoen karta bezalakorik. Ez da ahaztu behar, haatik, indiar esportazioak ere erabakigarriak direla, adibidez, zenbait sendagaietan.
Oraingoz, Trumpek Indiari ezarritako muga-zergek lortu dute, “Indo-Pazifikoa” eta Quad+ estrategiak diseinatu dituztenen espanturako, Asiako bi erraldoiak hurbiltzea, hiru aste barru Tianjinen ikusiko omen denez. Ez da harritzekoa.