Lehenengo Mundu Gerran Espainia neutral izan zen eta horrek prentsari askatasun handiagoa eman zion birusaz hitz egiteko, gatazkan lerratuta zeuden herrialdeetan baino. Hala izan zuten nazioartean birus zitala Europa osoan eragiten ari zen hondamendiaren berri.
2014ko ikerlan batek 1918ko gripearen andui nagusietakoa Madrilen sortu zela zioen, baina hipotesia baieztatuko zuen frogarik ez zuten aurkitu ikertzaileek. Beste hipotesi batzuek diote Erresuma Batuan, Austrian edo Txinan sortu zela. Baina orain arte jatorri onartuena AEBak izan dira.
Fort Riley (Kansas) kanpamendu militarreko sukaldari Gilbert Michell jotzen da “zero gaixotzat”; 1918ko martxoaren 4an ingresatu zuten ospitalean. Gripe zitala kanpamenduan zabaldu eta, soldaduak I. Mundu Gerrako frontera bidali zituztenean, Europan hedatzen hasi zen.
Orduan, zergatik esaten zaio gripe espainiarra? Gerra bera eta hedabideak dira horren erantzule. Espainiak ez zuen gatazkan parte hartu eta, hala, gripe bortitza lehentasun bihurtu zen berehala. Gainera, neutraltasunak bertako prentsari askatasun handiagoa eman zion birusaz hitz egiteko, gatazkan lerratuta zeuden herrialdeetan baino.
Hala, pandemiaren berri El Liberal egunkariak eman zuen lehenengoz, maiatzaren 21ean. Handik egun gutxira, ekainaren 2an, The Times egunkarian agertu ziren lehenengoz birusaren izen abizenak; Madrilgo berriemaileak “spanish influenza” esan zion gaiari buruzko artikuluan. Aste gutxitan, izendapena birusa bera bezain zabaldua zegoen.
Izenak izen, gripe espainiarrak berehala erakutsi zuen munduko herritarra zela, pandemia guztiak bezalaxe, hasieran Trumpek “chinese virus” esaten zion hau bezalaxe.