Hilaren 22an Europako Hizkuntza Gutxituen Karta berretsi ala ez erabakiko du Frantziako Asanblada Nazionalak. Euskalgintzako eragileak aurka azaldu dira, euskara kaltetu dezakeelakoan.
Zuzeu orainkari digitalean aztertu du I. Larrea egileak gaia. Artikulu horretako zenbait gogoeta ekarri ditugu gurera.
Zer da Hizkuntza Gutxituen Karta?
Ofizialak ez diren edo ofizialak izanda ere gutxietsiak diren hizkuntzak babesteko tresna da karta. 1992an sortu zuen Europar Batasunak. Aitzitik, Frantziako Estatuan kontrako efektua sor lezakeela diote kritikoek: alegia, frantsesa indartu eta euskara gehiago baztertu dezakeela.
Zer dela eta kaltetuko luke euskara?
“Frantsesa errepublikaren hizkuntza da” dio Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluak. Ondorioz, frantsesa baino ezin da izan ofiziala. Konsituzioak beraz, zuzenean egiten du talka hizkuntza gutxituak babesteko dokumentuarekin.
Horren aurrean erabakia hartu dute Frantziako politikariek: Konstituzioa aldatzea. Hain zuzen ere, 53-3 artikulua. Hala, ituna berrestea posible lukete.
Aldaketaren ondorioz, frantsesa litzateke administrazioan erabil litekeen hizkuntza bakarra eta hori da euskalgintzako taldeek begi onez ikusi ez dutena.
Euskal Konfederazioak berrestea “arriskutsua” litzatekeela esan du. Dioenez, itunak frantsesa “inposatzen” du. “Horrelako baldintzetan, Konstituzioa ez aldatzea hobe”, esan dute Konfederazioko kideek. Haien aburuz, Herriko Etxeetan, Seaskan, Uda Lekuan edo eta Euskareran Erakunde Publikoan ere frantsesa erabiltzera derrigortuko lituzke Konstituzioa moldatzeak.
Bide beretik jo du Seaskako lehendakari Paxkal Indok ere. Haren iritziko, berresteak “ez luke deus ekarriko Euskal Herriarentzat”.