argia.eus
INPRIMATU
Zergak biltzeko erakundea sortu du Generalitateak
  • Kataluniako Zerga Agentzia aurkeztu du astelehen honetan Kataluniako Gobernuak. Horrela, urriaren 1aren erreferendumean katalanek independentziaren aldeko botoa ematen badute, independentzia aldarrikatzean zergak bildu ahal izango ditu Kataluniako Gobernuak.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 04a
Generalitatea dagoeneko prest da 42.000 milioi euro biltzeko zergetan. (Arg.: Vilaweb) Generalitatea dagoeneko prest da 42.000 milioi euro biltzeko zergetan. (Arg.: Vilaweb)

Oriol Junqueras Gobernuko lehendakariordeak, Carles Puigdemont lehendakariak eta Lluis Salvado ogasun idazkariak aurkeztu dute erakunde berria. Printzipioz, Estatu espainiarrak bilduko ez lituzkeen zergak batzeko prestatu dute eta, agintarien esanetan, 42.000 milioi euro biltzeko prest dago. Erakunde berriak 19 egoitza irekiko ditu eta 800 pertsona arituko dira lanean bertan.

Junqueras lehendakariordearen esanetan, erakundea munduan diren gisa horretako modernoenen parekoa da, "herritarrek aurrekonturik egokienak izatea nahi dugulako". Egindako azterketen arabera 400 milioiko iruzur fiskala dagoela ikusi dute eta hori borrokatzea izango da agentziaren helburu garrantzitsuenetakoa.

Puigdemont lehendakariak azpimarratu du kosta egin zaiela erakunde berria abiaraztea; esan du oztopo asko jarri dizkietelako bidean, espainiar agintariei erreferentzia eginez, baina erakundeak berme guztiak dituela eta herritarrei, erabateko lasaitasuna eta konfiantza izateko eskatu die.

Espainiako Gobernuak luzatutako mehatxu ugarien artean garrantzitsuenetakoa izaten da diru iturriaren itxiera, gaur egun Madrilek kudeatzen baititu katalanen zergak. Zerga biltzeko erakundearen sorrerarekin erantzun dio gaur Generalitateak Espainiako Gobernuari.