Zerga atzerakada

  • Confesbask-en argudioak erabili dituzte alderdiok neurria legitimatzeko. Neurri honek inbertsioa handituko omen du eta beraz enplegua. Hau da erabilitako argudio nagusia eta ez da balekoa. Izan ere, aspaldiko ebidentzia enpirikoak bertan behera utzi du garai bateko mozkinak, inbertsioa eta enpleguaren arteko ekuazioa.


2017ko abenduaren 13an - 08:59

Oxfamen azken txostenaren arabera atzeraldi handiaren osteko desberdintasunen igoeran soldatapekoek izandako errenta galerak ez ezik, enpresa handien zerga jokabideak ere berebiziko garrantzia izan du. Desberdintasunak lausotzeko lanabes inportanteena fiskalitatea izanik enpresen zerga ekarpena gero eta apalagoa da. Elkarteen Gaineko Zergak 2016an 2007aren erdia bildu zuen dirutan Espainiako Estatuan, baita Hego Euskal Herrian ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Elkarteen Gaineko Zergaren kopurua itundutako diru bilketaren %14,5 zen 2007an, baina 2016an ehuneko hori %8,2ra jaitsi zen.

Mendebaldeko ekonomia politika ofizialetan agenda liberala indartu ahala gertatzen ari da kapitalaren jabeen gaineko zerga arintzea. Horretarako bi bide erabili ohi dira, mozkinen gaineko tasaren jaitsiera eta kenkarien hedapena. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko – ELGA-OECD– herrialdeetan zerga horren batez besteko tasa %32,2koa zen mendearen hasieran eta 2016an %24,7koa. Jaitsierak ez du etenik, horrela abenduaren hasieran AEBetako Senatuak azken hiru hamarkadetako zerga erreformarik gogorrena onartu zuen. Neurri behinena Elkarteen gaineko Zergaren tasa %35etik %20ra jaistea izan da. Donald Trumpen ortodoxia ekonomikoaren lehen garaipen politikoa. Frantzian Emmanuel Macronen gobernua hainbat neurri liberal onartzeko bidean da, horien artean Elkarteen Gaineko Zergaren %33,3ko tasa %25era jaistea.

Zerga atzerakada honek gizarte zerbitzu eta prestakuntza publikoen maila eta kalitatea arrisku bizian ipintzen ditu eta, horrenbestez, desberdintasun sozioekonomikoak areagotzeko joera
indartzen du

Testuinguru honetan ulertu behar da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Gasteizko gobernuak PPren laguntzarekin itundutako Elkarteen Gaineko Zergaren beherakada indartsua. Akordioak datozen bi urtetan zerga honen tasa %28tik %24ra jaistea aurreikusten du (enpresa txiki eta ertainentzat tasa egungo %24tik %20ra beheratuko da). Confesbask-en argudioak erabili dituzte alderdiok neurria legitimatzeko. Neurri honek inbertsioa handituko omen du eta beraz enplegua. Hori da erabilitako argudio nagusia eta ez da balekoa. Izan ere, aspaldiko ebidentzia enpirikoak bertan behera utzi du garai bateko mozkinen,inbertsioaren eta enpleguaren arteko ekuazioa. Esaterako, azken krisialdiko datuek erakutsi dute enpresen mozkinak handitu diren arren inbertsio produktiboa egoera geldikorrean dagoela, baita gurean ere. Irabaziak handitu ahala finantza merkatuetako inbertsioa da handitu dena, izaera espekulatzailea eta oso iheskorra den inbertsioa alegia. Eta horrek ez du enplegua era esanguratsuan sortzen.

Gainera enpresa produktiboetan txertatu den kapital urriaren parte gehiena ez da enplegua sortzera bideratu, baizik eta zorrak ordaintzera eta kasurik hoberenean ere enplegua sortzen ez duten produkzio eta berrikuntza sistemen hobekuntzara. Azkenaldian egon den enpleguaren hedapen xumea enplegu finko eta osoa zatikatu eta prekarioa bihurtzearen ondorioz eman da neurri handi batean.

Bestalde, atzerriko inbertsioa erakartzeko Elkarteen Gaineko Zergaren tasa jaitsiera ona dela ere entzun da argudio gisa. Irizpide hau balekoa da Irlanda edo Luxenburgo bezalako zerga paradisuen kasuetarako, baina horretarako tasa %6,25era jaitsi beharko litzateke. Hori balitz euskal estrategia produktiboaren helburua, industria 4.0 delakoa hutsala litzateke. Ostera, azterketa ugarik frogatzen dute zerga arintzea enpresa transnazionalen kokapen estrategietako faktore moduan oso atzean kokatzen dela.

Zerga atzerakada honek gizarte zerbitzu eta prestakuntza publikoen maila eta kalitatea arrisku bizian ipintzen ditu eta, horrenbestez, desberdintasun sozioekonomikoak areagotzeko joera indartzen du.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude