Oinarrizko zerbitzuak eta enplegua urbanizazio tasa altuetako herrietan eskaintzen dira. Ondorio hori atera du Gaindegiak garatu berri duten ‘Euskal Herriari Begira’ aplikaziotik. Tresna honek Euskal Herriko herrietako datu sozioekonomikoak erkatzeko aukera ematen du.
Jarduera ekonomiko industrial handiena duten herriak populazio eta lurraren artifizializazio indize altua dute. Lapurdiko kostako, Iruñerriko eta Bilbo inguruko herriak dira horren adierazle.
Gaindegiaren arabera, “Euskal Herriko hainbat eremutan aplikatzen ari diren azpiegitura eta zerbitzu politiken emaitzen ondorioz” ematen dira pilaketa prozesuak. Probintzia edo eskualde hiriburuetatik urrun dauden herriak artifizializazio indize baxuagoa dute, eta zerbitzu eta enplegu baldintza okerragoak.
Gertukoen osasun zentroa hamabost kilometro baino gehiagora dute ia 30 herrik, gehienak Ipar Euskal Herrikoak. Nafarroa Garaian beste hamabik, berriz, haur eta lehen hezkuntza zentro batera joateko antzeko distantzia egin behar dute.
Baliabideak pilatzeko joerak lurralde eremu batzuk baztertuta utzi dituela azaldu du Gaindegiak. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dute joera aldatuko duen herri eta eskualdeen arteko ordena pentsatzea. Helburua interkonektatuta dauden udalerrien arteko sarea eraikitzea baita, eta ez 4 hiriguneko Euskal Herria.