EAJren eta PPren arteko harremanak gero eta estuagoak dira. Bizkaiko Aldundian eta Gasteizko Udalean adostutako aurrekontuek bidea xamurragoa jarri diote Iñigo Urkullu lehendakariari Moncloarako bidaian. Baina oraindik badaude korapiloak askatzeko, zer gai sartu ditu maletan Urkulluk gaurko bilerara eramateko? Azken egunetan egindako adierazpenen arabera, hauek izan litezke horietako batzuk.
Kupoaren “gerra”: Eusko Jaurlaritzak urtero diru bat ematen dio (kupoa) Espainiako Gobernuari transferitu gabe dauden eskumenengatik, Espainiako armadarentzat esaterako. Gero, Espainiako Gobernuak, egin ez dituen inbertsio edo gastuen likidaziotik zenbateko bat itzultzen du. Bada, 500 milioi euro itzultzeke ditu Jaurlaritzaren arabera. Lopezen Jaurlaritzak ere aldarrikatu zuen kopuru horren itzulera, baina ez zuen Rajoyrekin negoziatzeko ahaleginik egin, PPren gogo eskasa ikusita ez zuelako “euro bakarra ere” gastatu nahi. EAJk askotan leporatu izan dio jarrera hori Lopezi. Bestalde, kupoa bost urtean behin negoziatzen da; 2012an kupo berriak finkaturik egon beharko lukeen arren, oraindik ez dira negoziatzeko eseri.
Estatutua eta transferentziak: Espainiako Gobernuak oraindik eskumen ugari transferitu gabe ditu; Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak dira, Gernikako Estatutuaren bidez. Emateke dauden eskumenetan garrantzitsuenetakoa kartzelen kudeaketa dago. Gobernuak 2011n transferitu zituen azkeneko eskumenak, Zapatero agintean zenean. Zehazki, 11 eskumen transferitu ziren ordukoan: lan ikuskaritza, erlijio irakasleak, kartzeletako irakasle eta garbitzaileak… Negoziaketa horietan EAJk parte hartu zuen, Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke.
Defizit helburuak malgutzea: Autonomia erkidegoek %0,75era murriztu behar dute euren defizita 2013an, Espainiako Gobernuaren aginduz. Neurri horrek ataka larrian jarri ditu erkidegoetako administrazioak, eta Rajoyren Gobernuari eskatu diote helburua malgutzeko. Espainiako Gobernuak %4,5eko defizitarekin amaitu omen zuen 2012 urtea, autonomia erkidegoek %1,5arekin, eta gizarte segurantzak %1arekin.
Bakerako aukera berriak: Urkulluk aro politiko berrian bakea kudeatzeko bide-orria aurkeztu zuen atzo eta hiru helburu azpimarratu zituen: iraganaren berrikuspen kritikoa egitea, bakea “behin betiko” sendotzea, eta bizikidetzaren kultura indartzea. Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendaria izango da Bake eta Bizikidetza idazkaritzako arduraduna. Izendapenak Espainiako sektore erreakzionarioenekin giroa ozpindu du erabat. PPren ustez “albiste txarra” da eta AVT elkarteak Jaurlaritzarekin harremanak eten ditu.
Kartzela politikan aldaketak: Urtarrilaren 12an, Herrira mugimenduak Bilbon manifestazio erraldoia egin zuen egun berean, Iñigo Urkulluk hitz eman zuen Rajoyri eskatuko ziola kartzela politika aldatzeko. EH Bilduren esanetan lehendakariak “mezulari hutsarena” egiteari utzi eta “konpromiso zehatzak” eskatu beharko lizkioke Espainiako Gobernuari.
Estatu eredua: Urkulluk hauteskunde programan 2015erako “estatus berria” lortzea aurreikusten zuen, baina zehaztasunetan sartu gabe. Katalunian ireki den burujabetzarako prozesuak eta Espainiako Gobernuaren hainbat lege zentralistek –Wert ministroak bultzatutako hezkuntzaren erreformak esaterako–, giroa nahaspilatu diote lehendakari berriari. Urkulluk adierazi du “ahobizarrik gabe” hitz egingo duela Gobernuarekin estatu ereduaz.
Kredituak enpresentzat: Urkulluren esanetan Rajoyren exekutiboak neurriak hartu beharko lituzke finantza erakundeek “enpresentzat eta herritarrentzat” kredituaren iturria irekitzeko. Confebask-eko presidente Miguel Ángel Lujuak berrikitan adierazi duenez 2012an 2.100 enpresa itxi dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian: “Ez dira itxi lan erreformagatik, baizik eta ez dagoelako aktibitate ekonomikorik, ezta kontsumorik ere”. Finantzazio beharra aipatu du patronalak eta horixe da, hain justu, Urkullu Rajoyri eskatzen ari zaiona. Lan erreformaz ez du ezer esan.