Adituek aho batez diote: TTIPa ez da hasi berri den urte honetan indarrean sartuko. Hauen iritzirako hainbat oztopo daude ituna 2016rako prest egotea oso zail egiten dutenak. El Diario agerkariak oztopo horien inguruko artikulu mardula argitaratu du.
Bertan azaltzen denez, Europako Batzordeak berak dio kasurik onenean gutxiengoen arteko akordio politiko bat lortuko litzatekeela, 18 hilabeteren buruan Europako Parlamentuan eta AEBko Kongresuan berretsia izan beharko litzatekeena. Bruselaren iritziz bi oztopo nagusi daude: merkatu sarbiderako arazoak, batik bat estatubatuarren protekzionismoak eragindakoak, eta nekazaritza arantzelak.
Horrez gain, izaera teknikoko arazoak ere badaude, esaterako, araudia homogeneizatu behar izatea. Hau ezinbesteko betebeharra da merkataritza askeko itunak aurrera eramateko. Horren harira, Ekologistak Martxaneko Tom Kucharzen aburuz, Volskwagenen eskandaluak kalteak eragin diezazkioke Bruselari: “Volkswagenen iruzurrak, Europar Batzordearen utzikeria agerian utzi duenak, konfiantza galera handia eragin du Atlantikoaren bi aldeetan”. Kucharzen hitzetan, TTIPa ez da “inondik inora” indarrean sartuko 2016an.
Kenteko Unibertsitateko Ekonomia Zuzenbideko irakasle Harm Schepelek hauteskunde egutegia ere traba gisa ikusten du merkataritza libreko itunarentzat. “Ez dut uste TTPren aurka mintzatu den Hillary Clintonek TTIPa hauteskunde primarioen eztabaidara eramango duenik”, azaldu du.
Erreferendum bidez berretsia izateko aukera
Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide irakasle den Adoracion Guamanek azaldu duenez, alde nabarmena dago itunaren inguruan iritzi publikoaren aurrean eta atez barrura esandakoaren artean. Honen arabera, Europar Batzordean “itun mixtoaz” hitz egiten hasiak dira. Honek ituna estatu kide bakoitzean berretsia izan behar izatea lekarke. “Egoera horretan, estatu batzuek erreferendum lotesleak egiteko aukera handituko litzateke”, azaldu du.