Green Capitaletik, Squat Hiriburura

Zer gertatzen ari da Gasteizen?

  • Gasteizko okupazio mugimendua pil-pilean dago: Gaztetxea, Errekaleor Bizirik, Arkillos 10, SUmendi gazte espazioa, Gazte Emantzipazio Sareak (GES) berreskuratutako Ensanche 21en etxebizitza hutsak... Protagonisten hitzak bildu ditugu mahaiaren inguruan. Arrazoi ezberdinak direla-eta, mintzakideek nahiago izan dute izen pertsonala gorde eta bakoitzaren proiektuetako kide gisa hitz egitea.

Mikel Buruaga @MKulungele
2017ko urriaren 04a
Ekainaren 3an, Euskal Herriko herri mugimendu askok babesa adierazi zion Errekaleorri, Udalak auzoari argindarra moztu ondoren. Auzokide talde batek teilatutik ongi etorria eman zion Gasteizko erdigunetik heldu zen manifestazioari. (Arg.: I˝igo PÚrez

Errekaleor auzo autogestionatuan maiatzaren 18an agindutako argi mozketa inflexio-puntu erabakigarria izan da Gasteizen. Alde batetik, Errekaleor eztabaida politikoaren erdigunean jarri eta, bestalde, hiria ulertzeko modu ezberdinen arteko talka agerian geratu da berriro ere, Javier Marotok alkate izateari utzi zionetik bi urte baino gehiago pasa direnean.

“Okupazioaren boom-a? Bai zera!”

Izotza apurtzen lehena izan da Gaztetxeko kidea, gainontzeko mahai-kideak okupazio mugimenduaren eztandari buruz harrotasunez hitz egiten hasi direnean: “Gezurra da boom-a dagoela. Okupazioa betidanik izan da Gasteizen”.

Eztabaida piztu da, baina arrazoirik ez zaio falta. Izan ere, 2018ko apirilaren 28an, San Prudentzio egun batez, 30 urte beteko dira 300 lagun inguruk apezpikuaren jabegoko eraikin bat gaztetxe bihurtu zutenetik. Eta 1983ko abuztuaren 6an, hiriko jaiekin batera, uhinak okupatzeari ekin zion Hala Bedi irratiak ere. Belaunaldi oso baten soinu-banda izan zen Euskal Rock Erradikalaren garaiak ziren. Kalean “herri bat, gaztetxe bat” oihukatzen zen, baita gauzatzen hasi ere.

Gasteizko historiaren hamaika istorioren lekuko izan dira Muinoko Etxea eta Arabako irrati librea. Besteak beste, 2007ra arte alkate izandako Alfonso Alonsok (PP) gaztetxea desalojatu nahi izan zuenekoa. Alde Zaharra eraldatzeko PPk aurkeztu zuen PERI proiektuaren kontra, herritarrek egindako mobilizazioak geldiarazi zuen eraisketa plana eta udal gobernua aldatu zen. Herri mugimenduaren oroimenean gordetako bi data ezagutu behar dira egungo belaunaldia ulertzeko: 2005eko Gaztetxe Eguna eta 2008ko Piztu Gasteiz eguna. “Kritikotasun eta heldutasun eskola” izan da Gaztetxeko asanbladan duela bost urtetik hona parte hartzen duen kidearentzat: “Beti ibiltzen ginen Gaztetxean, atzean zegoen guztia ezagutu gabe. Ekintzara pasatzeko momentua zela ikusi nuen”.

Gaztetxea eta Errekaleor bereizteko –bakoitzaren aurrean udal gobernuak jarrera ezberdina du–, Gorka Urtaran alkateak egindako adierazpenak hizpide ekartzean, Errekaleor Bizirik-eko kideak argi dauka zergatia: “Gaztetxeak zutik dirau auzokideek eta herritarrek defendatu zutelako. 10 urte pasa dira eta, gaur egun, pentsaezina da Gaztetxerik gabeko Gasteiz”.

Solaskide guztiak ados dira. “Ez da okupazioaren boom-a, baizik eta boom mediatikoa”, adierazi du GESeko kide batek, hedabide nagusien papera kritikatuz. “Hala ere, argi dago hiri honetan zerbait berezia gertatzen ari dela”, prozesu historiko baten kulminazioaz mintzo da.

Azken hamarkadan, ugariak eta askotarikoak izan dira okupazio esperientziak. Guztiak aipatzeak luze joko luke. Gorabehera asko izan dituzte, baina gaur arte iraun duen esperientzietako bat da 2008an auzolanari esker berreskuratutako eta autogestioan oinarritutako Auzolana Pilotalekua. Espazio horretan udal gobernuak kafe antzoki bat eraikitzeko asmoak alarma gorria piztu zuen, baina tirabirak gaindituta, gaur egun zutik eta martxan jarraitzen du.

Beste batzuk iragankorragoak izan dira. Gentrifikazio proiektuek eta desalojoek bertan behera utzarazitakoak dira gehienak. Adibidez, ez dira gutxi izan etxebizitza funtzioak betetzeko Alde Zaharrean okupatu diren eraikinak: Aldabe, OkuPinto, Kutxitrill, Kutxi 103 –2006tik 2011ra–, San Francisco 3 –2011tik 2014ra–, eta abar. Bestalde, gaztetxeak auzoetan sortzeko ahaleginek gutxi iraun dute: Judimendin 2009an, Zaramagan eta Txagorritxun 2011n, eta beste.

2011tik 2014ra bitartean, San Francisco kaleko 3. zenbakia okupatu zuen gazte talde batek, Kutxi 103ko desalojoaren ostean.
Titularren atzean, hamaika amets

Proiektu asko martxan daude gaur egun ere, eta “okupazioaren boom-a” lau haizetara zabaltzen duten titularren atzean pertsona eta kolektibo asko eta askotarikoak daudela agerian geratzen ari da. Bizi-bizirik daude, eta euren historioa, esperientzia eta bizi-proiektuak sozializatzen ari dira.

Arkillos 10

2010ean, udal-jabego publikoko eraikin hau okupatu zuen gazte talde batek Alde Zaharreko Arkupetan. Udalak zazpi urte lehenago, 2003an, erosi zuen eraikina, baina ez erabilpenik dio eman. Egun, gazteek, 12 pertsonarentzako etxebizitza, bizikleta tailerra eta kultur-espazioa prestatu dituzte eraikinean.

Neurrigabeko alokairurik ordaindu gabe, komunitatean, duintasunez, bizitzeko aukera dela azpimarratu du Arkillos 10 proiektuko kideak. “Nire burua eta jende eta esperientzia berriak ezagutzeko aukera izan da: beste herrialde batzuetako pertsonak, familia eredu eta belaunaldi ezberdinak...”.

Errekaleor Bizirik

2013ko irailaren 3an, ia hutsik zegoen Errekaleor auzoan eraikin bat okupatu zuen ikasle talde batek. Lau urte geroago, argindarrik gabe eta Udalak zein Ensanche 21 hirigintza elkarte publikoak bultzatutako eraisteko mehatxupean, “Europako irla energetikorik handiena” bihurtzeko erronka hartu dute bere gain han bizi diren 150 lagunek. Horrez gain, baratzea, okindegia, inprimategia, gaztetxeam zinema eta beste hamaika proiektu sortu dituzte auzoan.

“Etxebizitza eskubidea bermatzeaz gain, bestelako bizi eredu oso bat praktikara eramateko aukera” izan da Errekaleor duela bi urte auzora iritsi zen kidearentzat. “Harreman kolektiboak, bizitzaren intentsitatea eta proiektuaren transzedentzia” azpimarratu ditu.

SUmendi Eguna antolatu zuten lokalaren lehen urteurrena ospatzeko (SUmendiren argazkia).

SUmendi Gazte Espazioa

Judimendi auzoko gazte asanbladak, 2016ko ekainaren 23an, Benito Ginea kaleko lokal huts bat ”berreskuratu” zuen eta iazko urriaren 28an ireki zituen ateak. Ia urtebeteko auzolanaren ostean, maiatzean SUmendi Eguna antolatu zuten, “aisialdi askea eta auzoari zuzendutako proiektuak” bultzatzeko helburuarekin. “Auzoarekiko harremana eta zaintza kolektiboa” landu nahi dituzte bereziki SUmendiko kideek.

Gazte Emantzipaziorako Sarea

Maiatzaren 29an, “etxebizitza duina bermatuta ez duen gazte orori okupatzeko” deia luzatuz aurkeztu zuen GESek bere burua. Lehenago, apirilean, Ensanche 21en hiru eraikin okupatu zituen gazte talde batek Alde Zaharrean, sei urtez hutsik egon ostean. Ondoren, “argi mozketak, identifikazioak eta mehatxuak” salatu dituzte. Bitartean, oihartzun mediatikorik gabeko beste okupazio batzuk egiten ari dira, eta hala, aurtengo abuztuaren 3an, Corre kaleko 127. zenbakiko eraikin oso bat okupatu zuen beste gazte talde batek.

Maiatzaren 29an aurkeztu zuten Gazte Emantzipaziorako Sarea: etxebizitza duina
bermatuta ez duen gazte orori okupatzeko deia luzatu zion (Hala Bediren argazkia).

Martxoko Iraultzaren seme-alabak

Okupazio mugimendu honen bilakaera eta testuingurua ulertzeko gako bat azpimarratu du GESeko kide batek: “Errekaleor okupatzeko ideia Zaramagako eliza okupatu zenean jaio zen, 2013ko martxoaren 3an, eta irailean gauzatu zen”.

Gaztetxeko kideak ere “belaunaldi berri bat” identifikatu du 2012an Gasteizko gazte mugimenduak abiatutako ‘Martxoko Iraultza’-rekin batera. Badirudi ‘Gazte Blokea’-k hazia erein zuela. 2008tik datozen krisialdi ekonomikoa, langabezia, prekarietatea, Euskal Herriko gatazka politikoaren “noraeza” eta abar luze bat ere agertzen da fenomeno honen atzean.

“Gasteizen denok ezagutzen dugu elkar”, dio SUmendiko kide batek, proiektuen arteko harremanak eta elkarlana goraipatuz. “Errekaleor txinparta izan da eta orain hedatzen ari da”.

Marotoren itzal luzea

Ensanche 21 hirigintza elkarte publikoak 111,5 milioi euro zituen kutxan Javier Marotok alkatetza hartu zuenean; legealdia bukatu zuenean, ordea, 20 milioiko zorra. Gaztetxeko kideak hitzak jarri dizkie kalean entzuten diren zurrumurruei: “Argi dago PP eta EAJren arteko itunaren testuinguruan, Marotoren itzalak eragina izan duela Urtaranen jarrera aldaketan, Bizkaian egoitza duen Euzkadi Buru Batzarraren bitartez”.

“Hau ez da Bilbo. Urtaranek ez daki non sartu den. Ez dituzte ezta prozedura judizialak ondo egiten. Badakite ezin dutela Errekaleor desalojatu, baina alarma piztu dute ustelkeria eta trapu zikinak ezkutatzeko”, gehitu du GESeko kide batek.

 

HITZ GUTXITAN
Hiriaren etorkizuna irudikatzeko eskatuta, argi mintzo dira gazteak:

“Okupazioa ez da helburua, tresna baizik. Negoziatzeko prest ote gauden? Zergatik ez? Baina duintasunez”
(Errekaleor Bizirik)
“Errekaleorreko argi mozketaren harira emandako erantzuna ikaragarria izan zen. Esperientzia sinboliko hori etorkizunean erabili behar dugu”
(SUmendi)
“Autogestioaren bidean sakondu beharko genuke. Instituzioak, zenbat eta urrunago, orduan eta hobeto”
(Gasteizko Gaztetxea)
“Noiz arte jarraituko dugu Gasteizen Okupazio Bulegorik gabe?”
(Arkillos 10)
“Ez dakit Urtaran Gasteizko alkate izango den berriro, baina ziur naiz etxebizitza huts gutxiago egongo direla”
(GES)
Kanal hauetan artxibatua: Okupazioa  |  Gasteiz  |  Errekaleor  |  Gaztetxeak

Okupazioa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-02-16 | Hala Bedi
Iberdrolak argia moztu die Gasteizko Alde Zaharrean okupatutako bi eraikini

Ostegunean, goizeko 09:00ak aldera, Iberdrola Alde Zaharreko bloke okupatuetan agertu da, Udaltzaingoaren laguntzarekin. 2017ko martxoan okupatu zituzten Udalak gazteei bideratutako blokeak -okupatu aurretik, sei urte zeramatzaten hutsik-.


2018-02-09 | Anboto
Sapuetxe kultur espazioa botatzeko hitzarmena sinatu dute Durangoko Udalak eta URA agentziak

Eraikin okupatua botako dute, eta Montevideoko erreka gaineko zubia ere berrituko dute obrekin. Instituzio bakoitzak 425.000 euro ipiniko ditu 2018 eta 2019 urteen artean.


Gasteizko Gaztetxea, probatu ez duenak ez daki zer den hau!
MULTIMEDIA - dokumentala

1988ko apririlaren 28an eman zioten zartakoa gero Gasteizko gaztetxea izango zenaren ateari. Mende laurdena baino gehiago igaro da eta urte horietako historia jaso dute dokumental honetan.


2018-01-25 | Hiruka .eus
Hiru lagunek deklaratu beharko dute ostiralean Tosuko obrak gelditzen saiatzeagatik

Urtarrilaren 26an, barikua, hiru lagunek deklaratu beharko dute Getxoko epaitegian, Ibarbengoako parkinga eraikitzeko obrak oztopatzeko "indarkeria" delitua egotzita.


2018-01-25 | Hala Bedi
Izarrako Gaztaetxea, husteko zorian

Lehen urteurrenaren bueltan, astebururako aurreikusitako ekintzak tokiz aldatzea erabaki dute.


2018-01-24 | Hala Bedi
The Gaztetxe of Gasteiz, a project cooked over a slow flame

On 28th of April, it will be 30 years since the first kick: the kick to the door of the bishop’s medieval garage that nobody imagined would start such a long journey. Meetings, symbolic occupations, speeches, interventions in council meeting  were the actions that carved out a path for the Gaztetxe and for squatting Gasteiz.


2018-01-23
"Hamaika urte eta hau ez da amaitu"

Zazpi Katu Gaztetxearen 11. urteurrenaren ospatukizunak hasi dira. Aste honetan, Alde Zaharreko Gaztetxean, kontzertuak, bertso-saioak, jolasak eta antzerkiak antolatu dituzte.


2018-01-19 | Hala Bedi
Gasteizko Gaztetxeak 30 urte ospatuko ditu aurten

Urtarriletik uztailera bitartean, herri mugimenduko eragileen parte hartzearekin, askotariko borrokak landuko dituzte eta urriaren 6an OkupaTU Gasteiz egunean parte hartzeko deia egin dute.


2018-01-17 | Topatu.eus
Iru˝eko Maravillas gaztetxea
MULTIMEDIA - erreportajea

Bi urteko tira-biren ondoren 2017ko irailean okupatu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Marques de Rozalejo jauregia. Egun Maravillas gaztetxea da, denbora laburrez martxan egon arren, proiektuz beterik dagoen espazio autogestionatua.


2018-01-11 | Axier Lopez
Kaiene: Otxarkoagari eta errefuxiatuei irekitako proiektua abian da

Turismo gidetan agertzen ez den Bilbo horretan proiektu berria jaio da: Kaiene. Erakunde publikoen zain egon gabe, Otxarkoaga langile auzoko hainbat talde eta lagun mugitzen hasi dira espazio komun bat eraikitzeko. Javier Seco proiektukideak azaldu dizkigu helburu nagusiak.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude