Zer gertatuko da igandean erreferendumarekin?

  • Goizean goiz abiatu Iruñetik eta ekialderako bidean egin du topo trenak eguzkiarekin ostiral goizean. Goiz iritsi da sugetzarra Sans-eko geltokira, ordurako prentsa digitala ondo miatua nuen. Zer topatuko barrenak dantzan, jaitsi naiz eta hiri handi bateko geltokiarekin egin dut dopo. Hasi da festa.

Xabier Letona @xletona
2017ko irailaren 30a

Sans geltoki ondoko plazatxo batean jardun dut Kataluniako kazetari independentista batekin iritsi bezain laster. Luze jardun ondoren, ez dakit ideia berri gehiegi atera dudan, baina buruan jira-biran ditudan asko aberastu bai. Denok jakin nahi dugu zer eta nola gertatuko den igandean, baina inork ez daki. Badira A, B, C… planak, baina dabilenak ere ez daki. Ezta eragotzi behar duenak ere. Bakoitzak berak egingo duena daki, baina zer aterako den… Hau, oraingoz, batez ere informazio gerra da.

Baina bai, dagoeneko Bartzelonan murgildua, zerbait garbiago geratzen zaio kazetariari: erreferenduma egin egingo da, eta bozkatu ezin den lekuetan ehunka eta milaka pertsona egongo dira polizien aurrean, bozka-lekuetako atarietan. Irudi nahasiak ikusiko dira. Esate baterako, herrietako hauteskunde egun ohiko baten irudia eta hirietako kontrastea nahasiko dira, bereziki Bartzelonako eskola inguruetako mobilizazio erraldoiak. Ez zaie gustatzen gehiegi esatea, baina hemen ere garbi dute toki batzuetan ezingo dela bozkatu. Hara, horrek sor ditzakeen irudiak akaso kontrako eztarritik joango zaizkie Mariano Rajoyri eta enparauei.

Kontrasteak

Kataluniako gizartearen sektore zabaletan dena da aktibismoa egun hauetan, baina kontrasterako tarte ugari ere badira: Gracia eta Sans auzoetan erreferendumaren arrastoa oso nabaria da balkoietako kanpainaren “Bai” eta esteladen bidez. Aitzitik, ostiral honetako 16:00etan bederen bazirudien ez zela ezer gertatzen Catalunyako Plazan, ohiko turismoa ohiko dantzan. Hori bai, hemen ere bada arrastoa bertako eraikuntzetan, ANCko pankarta erraldoiak “Demokrazia” aldarrikatzen baitu bisitarien begien aurrean ezin ozenago. Ramblatik barrena, duela egun gutxi batzuk jihadismoa bertatik pasatu ez balitz moduan abian da turista jendea saldoka, ohi bezala. Espaloia gurutzatu, Generalitateko Palaura iritsi eta bertan irudiak hartzen dituzten zazpi telebista kamerek erreferendum usaina barreiatzen dute.

Aktibismoa nagusi da Kataluniako gizarteko sektore zabaletan. Kazetari laguna aita ere bada eta eskolako whatsappa sutan da: “Gauerako –ostirala da– jolasak antolatu dira eta esaten dute badaezpada lo-zakua ere eramateko”, dio irribarrez. “Bihar da?”, galdegin diot, “ez, zakua eramaten badugu, seguruenik igandera arte bertan egoteko izango da”. Zelako "mugiro!", aspaldiko beste lagun kazetari batek esango lukeen gisan. Igandean eskola bateko koordinadore ere izango da laguna, “baina ez iezadazu galdetu zer egin behar dugun, oraingoz izena ematea eskatu baitigute eta aurrerago azalduko digute egin beharrekoa”.

“Banoa Xabier, banoa”. Bai, nik ere badut zeregina, dena irentsi nahian nabil eta denak ihesi egiten didala iruditzen zait. Bai, bulegoko ordenagailuaren segurtasunetik, kaleko kontrol bako eremura noa. Ni ere banoa ihesi, kanpainako ekitaldi amaiera zain dut Montjuïcen. Baiezkoaren aldekoak dira, jakina. Ohiko kanpainari ihes eginez, ezezkoak bestelako kanpaina moldea egin du. Tira, Madrilek egin dio.

Montjuïceko iturri miragarria

Iturri Majikoan da hitzordua. Ea bertako uren eragina iganderako lagungarri den. Jendea bilduz doa apurka eta 19:00etan milaka pertsona dira kultur ekitaldiaren hasieran, musikariak, abesbatzak… ANC, Omnium, PdCAT, ERC, CUP… eta –noraino iritsi den Rajoy– En Comúk antolatu dute ekitaldia eta indar hauetako buruzagiak berriketan hasten dira 20:30etatik aurrera. Hauek hasi orduko, mikrofonoetatik antolatzaileek diote 80.000 pertsona direla ekitaldian. “Votarem” eta “independencia” oihukatzen dute etengabe herritarrek.

Hau guztia legez kanpoko erreferendumaren azken txanpan, hau da, legez kanpoko kanpaina batean eta, hortaz, legez kanpoko amaiera ekitaldiaren kronika egiten ari garela. Ez balitz bertaratu dituzten 10.000 guardia zibil eta poliziengatik txiste baten aurrean geundekeela pentsa genezakeen. Hara, zer egingo dute jendetza honen aurrean? Galderak airean jarraitzen du. Hau guztia ikusita, normala iruditzen zait hemen guztiek horren argi ikustea erreferenduma egin egingo dela.

Deabrutxoak barnetik esaten dit samurra dela atzerriko zalea etorri eta giroarekin kutsatzea, kontuz ibiltzeko, Guardia Zibila Guardia Zibila dela. Eta bai, hala dela erantzuten dio aingerutxoak, baina giro honetan gaitza dela bestelakorik ikustea.

Eta badu arrazoirik aingerutxoak, batez ere joan den asteazkenean gertatutakoa ikusita. Olatu handi haren ondorengo bigarren errepresio olatu handiagoaren zain ziren hemen guztiak, baina ez da etorri. “Itxaron, itxaron dio deabrutxoak, milaka guardia zibil eta polizia horiek ez dira alferrik etorri”. Arrazoi duela iruditzen zait.

Eszenatokian Piolin eta gainerako panpinak oso presente dira ekitaldi guztian, En Comúko Jaume Asens, Albano Dante Fachin… zorrotz jarduten dute demokraziaren alde. Giroa bereziki berotzen du CUPeko Mireia Boyak, zorrotz esaten die En Comukoei, igandekoa ez dela mobilizazioa, independentzia aldarrikatuko dela, igandean Kataluniako Errepublika jaioko dela eta hurrengo egunetik aurrera hasiko direla eraikitzen Herrialde Katalanak, ez erratzeko eta baiezkoaren alde egiteko: “Roma no paga traidores” esan die gaztelaniaz. ERCko Marta Rovira: “Zer uste zuten, atzera egingo genuela errepresioaren aurrean? Gora klabelinak, gora abestiak, gora pertsonak. Igandean ez gara bakarrik bozkatzera joango, igandean dena irabaziko dugu”. PdCATeko Marta Pascalek ere ozen esaten du igandean kalera atera eta irabazi egingo dutela.

Abestiak, aurkezleen txiste eta algarak, herritarren barreak… hau ote da Espainia gorrotoz hautsi eta irauli nahi omen duen herri anker hori? Espainiar zati handi batek sinetsiko du seguruenik, baina nazioarteak ez, hori du arazo Moncloak. “Mariano Rajoy ez da agertu AEBetatik etorri denetik, hori esanguratsua da”, dio ekitaldiko prentsa areto zabalean den kazetari euskaldun ezagunak. Bide batez dio hemen baietz, hemengo giroarekin gauez ere aire librean egin litekeela lan. Zenbat arrazoi.

Aldameneko kazetaria El Paisekoa da, katalanez mintzo da etengabe bertako La Vanguardiako beste batekin. Ze inbidia. El Paisekoak dio orain arteko dena txantxa izan dela, hemen festa igandean hasiko dela, uste du Legebiltzarrak independentzia aldarrikatuko duela erreferendumaren ondoren eta saltsa izango dela. “Indarra?”, galdetzen diot. “Batek daki –dio berak– badirudi dena oso lasai dagoela, baina hemen tentsio handia dago eta txinparta batek sua piztu dezake”. Arrazoi du horretan.

Oriol Junqueras, Kataluniako lehendakariordeak hozten ari zen ekitaldia eta berotu egin du. Eskerrik asko eman die irakasleei, ikasleei, nekazariei, abestu dutenei… askatasunaren kausaren alde egin dutelako. “Ez bagara herria, ez gara ezer… Beldurra gainditzen hasten denean, hasten da askatasunaren bidea… Lasaitasuna, hori ere gure indarra da eta… segi, segi, segi katalanok, gora Gure Lurra”.

Eta Carles Puigdemont atera da azkenik, honek bai berotzen duela giroa. Egin duten guztiarekin, dagoeneko irabazi dutela dio. Irabazten ari direla eta igandean irabaztera atera behar direla: “aurrerapen sozial, nazional, kultural eta ekonomikoaren alde”. Katalunia berria eraiki behar ei dute, bere bertute eta akats guztiekin. Huelvako “a por ellos”i egiten dio erreferentzia, astelehenean beste bidaia bat hasiko dela, Katalunian dibertsitatea dela...

Amaiera dator azkenean, ekitaldi oso luzea izan da, kubatar erakoa gutxienez 19:00etatik bertan diren milaka pertsonentzat. 23:00ak dira. “Joan bozkatzera –diote mikrofonotik– bakean, probokazioetan erori gabe, eta hor izango dugu gure garaipena”. Dedio, lasterketa amaitezin honetan oraindik larunbata falta da.

 

 

 

 

 

 

 

(Adria Alsina ANCko prentsa burua)

 

 


Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
2017-12-07 | ARGIA
45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.


"Gomazko balak mundu guztiari debekatzea nahi dut, ez soilik Mossoei eta Katalunian"

Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumean begi bateko ikusmena galdu zuenetik lehen aldiz mintzatu da publikoki Roger Español. Espainiako Polizia Nazionalak tiro egindako gomazko bala batek jota bizitza aldatu diote.


2017-11-17 | Xabier Letona
Katalunia, kronologiaren gaineko hausnarketa

Irailak 29. Eguzkia atera gabe oraindik, treneko butaka erosoan nindoan urduri eta ikusmin itzelarekin, Bartzelonan zer topatuko zain, begiak orain paisaian orain mugikorreko albisteetan iltzatuta. Ostirala zen eta igandean erreferendumaren eguna; oraindik ezin nuen irudikatu nola egingo zen.


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


Katalunia, Espainiaren aukera

Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.

Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste... [+]


2017-10-22 | Xabier Letona
Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena

Badirudi oraindik edozer interpreta daitekeela lerro hauek idazten diren urriaren 16 goizean: independentzia aldarrikatuta dagoela edo ez, eta 155. artikulua indarrean dela jada, baina ez. Era batera zein bestera, Kataluniako independentismoak Errepublika defendatzeko prestatzen jarraitzen du. Nola egin eraginkorren, ordea?


Espainiaz

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta kateatu zaituen horrek aske zarela esango dizu alde egiten saiatzen zaren arte. Baten bati zalantza izpirik geratzen bazitzaion, Kataluniako aferak argi utzi du Espainia ezker-eskuin zer den.

Eskuin. Espainian ez du eskuinak agintzen, Espainian muturreko eskumak agintzen du. Francoren espirituak kuku egin digu berriz ere azken asteetan. Diktadurako errifleen berunez egin zen konstituzioaren moldea, eta molde hori da herriak lotu eta manu... [+]


2017-10-22 | Bea Salaberri
Moltes grącies

Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen... [+]


2017-10-17 | Xabier Letona
Errepresioa ala elkartasuna

 Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten espetxeratzeak beste jauzi bat ekarri du Espainiaren lasterketa errepresiboan, lehenbiziz espetxeratu baititu Kataluniako independentistak, kalean helburu horren aldeko manifestazioak egiteagatik.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude