argia.eus
INPRIMATU
Zer esan nahi du Mozal Legea ez aplikatzeak?
  • Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa adostu dute azken asteotan. Nafarroako Gobernuak ere legearen aurka hitz egin izan du askotan. Baina, zer esan nahi du indarrean dagoen lege bat gaur eta hemen ez aplikatzeak?

Axier Lopez @axierL 2016ko ekainaren 22a

Mozal Legearen aurka erakunde publikoen aldetik onartutako proposamenen artean, hilaren 22an Eusko Legebiltzarrak onartutakoak du pisu politikorik handiena. Ertzaintzak erabiltzen duen lege bat hemendik aurrera ez aplikatzeko konpromisoa hartu duelako polizia autonomikoa kontrolatzen duen Legebiltzarrak.

Legez besteko proposamena da Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak onartutakoa. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren esku dago orain Legebiltzarrak onartutakoa bere egin eta bere kontrolpean dagoen Ertzaintzari beharrezko irizpideak eta formakuntza ematea; pasa den martxora arte Ertzaintzak 3.959 aldiz baliatu duen Mozal Legea ez erabiltzeko. Legeak jokabide eta arlo asko ukitzen ditu eta beraz, haren aplikazio orokorrari muzin egiteak argitu gabeko ertz asko dakartza.

Halere, Mozal Legea ez aplikatzeko bi izan litezke balizko irizpide nagusiak. Batetik, poliziak Mozal Legea mehatxu gisa ez erabiltzea. Deliturik egin aurretik, Ertzaintzak legeak ematen dion zigortzeko eskumenaz jakitun, herritarren aurkako mehatxu bezala erabili izan duelako. Hori agindu politiko batek arindu lezake. Eta bestetik, Mozal Legeak zigortzen dituen jokabideak epaitzeko beti justizia sistemara jotzea. Hau da, “poliziaren salaketa nahikoa izango da isuna ezartzeko“ dioen Mozal Legean 52. artikuluari muzin eginez, poliziaren salaketak bide judizialetik bideratzea, salataria eta salatuaren artean hirugarren agente bat sartuz: epailea. Mozal legea Madrilen behin betiko indargabetu arte, herritarra babes gabe uzten duen legearen logika zigortzailea poliziek ez baliatzea litzateke aukera bat, beraz.