Aurrekontu proiektua erretiratuko duela iragarri du Iñigo Urkulluk eta badirudi EAEk aurrekontu luzatuak izango dituela. Zer esan nahi du horrek?
Luzapenak esan nahiko luke datorren urtean EAEk aurtengo aurrekontu berdina edukitzea, nahiz eta moldaketa batzuk egin daitezkeen. Ez da diru-sarrera eta gastu berririk onartzen: sarreren kapituluan, hurrengo aurrekontuak onartu arte zergei dagozkien neurri berririk ez da hartzen ahal, zeharkako bideetatik ez bada. Gastuen alorrean, inbertsio berriak egiteko aukera mozten da ez dagoelako horretarako behar den partidarik.
EAEn aurrekaririk ez duen egoera da aurrekontu proiektua erretiratzea. Luzapenari dagokionez, Nafarroako Foru Erkidegoan iaz gertatutakoa ekar dezake gogora. Barcinaren gobernuak proposatutako aurrekontuak legebiltzarrean zerraldo erori baitziren iaz oposizio ia guztiaren kontrako botoekin. 2012ko aurrekontuak luzatu zituzten eta urtarrilean horiek kudeatzeko lerro nagusiak aurkeztu zituzten, besteak beste, oposizioak baztertutako proiektuaren gastu muga berdina mantenduz.
Kontsultatuko iturriek azaldu dutenez, litekeena da EAEko aurrekontuak luzapenean sartuta, Jaurlaritzak lege proiektu bat aurkeztea aurreko aurrekontua nolabait osatzeko. Legebiltzarreko araudiak 163. artikuluan biltzen duen irakurraldi bakarreko prozeduraz izan beharko litzateke, urgentziaz onartu ahal izateko.