argia.eus
INPRIMATU
Zer egin eta zer ez, norbaitek esaten badizu suizidatu nahi duela
  • Lagundu nahi eta kontrakoa eragin dezakegu, ez badakigu gestionatzen zer esan eta egin, gertuko norbaitek aitortzen digunean egoerak gain hartu diola eta bere buruaz beste egingo duela. Jarraibide erraz batzuk eman ditu Pablo R. Coca psikologoak, hain egoera konplexuari aurre egiteko lagungarri.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abenduaren 12a
Ez saiatu ideia suizidak kentzen; ez epaitu edo zalantzan jarri dioena; ez eman bat-bateko aholkurik; ez egin bete ezingo duzun promesarik. Argazkia: Adobe Stock

Zer ez egin? Bere egoera kontatzera etorri zaizunak sentitzen duenari ez kendu garrantzia; ez saiatu ideia suizidak kentzen; ez epaitu edo zalantzan jarri dioena; ez eman bat-bateko aholkurik; ez egin bete ezingo duzun promesarik.

Zer egin? Ikerketen arabera, galdetzeak eta gaiaz hitz egiteak norbere buruaz beste egiteko arriskua txikitzen du eta hitz egin ahala egoera emozionala lasaitzen doa, beraz, galdetu bere sentimendu eta pentsamendu suiziden inguruan, beldurrik gabe; utzi lasai adierazi dezala kontatzeko duena; entzun; solasaldiak iraun bitartean sor daitezkeen isiltasun uneei ez beldurrik izan; saiatu enpatizatzen eta ulertzen hil nahi izateko dituen arrazoiak.

Halako sentimendu eta pentsamenduak dituenarentzat ez da erraza horretaz hitz egitea, beraz entzun eta ez utzi bakarrik, garbi utzi hor zaudela beretzako.

Eta hurrengo pausoa, jakina, laguntza profesionala eskaintzea da, jo horretarako dauden baliabide eta telefonoetara.

Psikologoaren esanetan, suizidatzeko ideiak indarra hartu eta ekintzara pasatzen den unera arte 90 minutu inguru pasatzen dira batez beste. Horregatik, pertsona hori bakarrik ez uztea eta lasai hitz egiten jardutea garrantzitsua da.

Pablo R. Cocak hari honetan eman ditu jarraibideak. Psikologoak bi liburu ditu idatziak suizidioa prebenitzearen inguruan.