Eguzki talde ekologistak salatu du "hondartzak duela hilabete gutxi batzuetatik hona bertan uzten ari den zabor ugariren inbasioa jasaten" hasi direla: koronabirusaz babesteko maskara eta eskularruak. Erabilera arduratsurako hainbat irizpide eman ditu.
Eguzki talde ekologistak zera oroitarazi du: "Urtero zortzi miloi tona plastiko baino gehiago isurtzen ditugu itsasora. Ozeanoetan materiale honen kontzentrazioa erritmo oso azeleratu eta zabalean hazten ari da, ur gaineko zabor kontzentrazio handiak sortuz. Ondorioa? Ia hamazortzi miloi kilometro karratuko azaleradun benetako 'zabor irlak', Europa eta Australiaren guztizko hedaduraren baliokide". Zabor horiei aurten norbere babeserako ekipoak gehitzen ari zaizkio: maskarak eta eskularruak.
Eguzkik onartu du konponbidea ez dela erraza, izan ere, "osasun publikoa eta segurtasun pertsonala dela eta, uko egin ezin dugun eta erabili behar ditugun derrigorrezko erabileradun materialez ari gara". Horregatik, materiala egoki erabiltzera dei egin die herritarrei, irizpide hauek emanaz:
- Segurua den bitartean eta ahal den heinean materiale hauen bizitza luzatu
- Material biodegradagarriekin (benetan ia existitzen ez direnekin) eginak, edo berrerabilgarriak erosi.
- Eskularruaen erabilera egoera oso puntualetara mugatu. "Eskularruak etengabe jantzita edukitzeak ez du seguratsun gehiago ematen. Hori da Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioa jarraituz, Osakidetzaren irizpidea" oroitarazi dute.
Udal arduradunei oharra egin diete, "hondakin hauek eta beste batzuk gure kaleetatik ibaietara eta hemendik gure itsasertzetara iritsi ez daitezen beharrezkoak diren neurriak har ditzaten".