argia.eus
INPRIMATU
Gaua Perfumes
Zer dio landareen lurrinak?
  • Galdera horri tiraka iritsi zen duela urtebete pasatxo Eli Diez “Gaua Perfumes” proiektua sortzera, Arabako Errioxan. Jakin mina sortu zitzaion, bereziki landareetatik atera daitezkeen aromekiko, eta horiek gure zentzumen eta emozioekin lotzeko dugun gaitasunaz. “Gaztea nintzenean nire familiak perfumea saltzen zuen, agian hortik piztu zitzaidan kuriositatea eta gogoa”, dio. Lurringintza industrialetik urrun, hurbileko landareekin probak egiten ari da Diez, eta esperimentatze prozesu betean dago murgilduta.

Garazi Zabaleta 2022ko uztailaren 21a

Lurringintza etnobotanikoa lantzen du Diezek: “Lurrinak modu tradizionalean, beti egin den moduan ateratzeari deitzen diogu lurringintza etnobotanikoa. Betiko landareekin egiten da eta herri baten kulturarekin lotura estua du”, azaldu du. Lurrinak destilazio, mazerazio edo tintura bidez ateratzen ditu Diezek, eta produktu desberdinetan erabiltzen ditu ondoren; lurrin pertsonalizatuetan, intsentsuetan eta brumetan, adibidez. “Lurrin pertsonalizatuen kasuan, jendeak gustuko duen perfumeren bat ekartzen dit, baina zerbait naturalagoa nahi dute, bertako landareekin egina… antzeko zerbait lortzen saiatzen gara, elkarrekin”, dio.

Urteko sasoi bakoitzean inguruko basoetan biltzen ditu landareak, eta horiekin oinarri moduan funtzionatzen duten lurrinak sortzen ditu. “Iaz ezkaiarekin eta erromeroarekin egin nuen oinarri bat, beste bat bertako ardo beroaren lurrinarekin, gaztain erreekin…”. Egunerokoan inguratzen duten usainak biltzen saiatzen da arabarra, eta zenbaitetan, jaiegun kulturaletatik abiatzen da usain berri bat sortzeko ideia. “Inguru hauetan ospatzen den Mañen festan izpilikua erretzen da urtero. Bada, duela aste batzuk ohitura horretan oinarritutako lurrina sortu dut: izpilikua hartu, bertako oliba oliotan mazeratu eta izpilikuaren lurrin hori oinarri bezala hartuta bestelako aromak gehitu dizkiot”, azaldu du prozesua.

Tailer txikian usain handiak

Lurringintza industrialean apenas erabiltzen dute landarerik perfumeetan. “Egia da lurrin industrialekin usain oso bizietara ohitu garela, hauek gutxiago usaintzen dute eta ez dute halako lerrorik uzten”, dio artisauak. Lurrin naturalek, ordea, landareen usainarekin batera horien propietateak ere jasotzen dituzte, eta propietate bakoitzak eragin desberdina du. “Erromeroaren kasuan, esaterako, memoriarako eta esnarazteko propietateak ditu, eta horretarako lagungarri da usaina bera”, gehitu du.

Laguardian, etxeko bodegan muntatu du tailertxoa Diezek, eta bere lurrinak sortzeaz gain, formakuntza eta tailerrak ere eskaintzen ditu bertan, jarduerarekiko interesa geroz eta handiagoa baita. Tresneria aldetik nahiko sinplea dela azaldu digu lurringileak: sua, alkohola, potoak, kobrezko alanbike txiki bat… “Makinaria baino gehiago, pazientzia behar da jarduera honetan”, dio. “Gainera, gurea bezalako lurrindegi txikian ezin da kantitate handiekin lan egin, sasoi bakoitzean landareak aldatzen baitoaz, eta beraz, sortzen ditugun lurrinak ere bai”, amaitu du.