Nazioarteko politikako bi puntu berotan, Egitpon eta Sirian, Anaia Musulmanen alderdia protagonismoa hartzen ari da. Zein da alderdi horren funtzioa? Nori egiten dio mesede?
Eric Draitser nazioarteko analistak Stop Imperialism blogean artikulu luzea argitaratu du Anaia Musulmanei buruz –gaztelaniaz dakitenek Rebelion.org webgunean ere irakur dezakete–. Bere esanetan “Udaberri Arabiarraren konplexutasunek eta mundu arabiarrean askatasun politikoa lortzeko borrokek ez lukete estali behar inperialismoaren kontra daudenentzat erabat funtsezkoa bihurtzen ari den nozio bat: Anaia Musulmanak Mendebaldeko klase agintariaren arma indartsuenetakoa dira mundu musulmanean”.
Draitserrek Siriako gatazkan Anaia Musulmanek bete duten papera aztertu du: “AEBek eta NATOk Assaden gobernuaren kontra bultzatutako gerran, Anaia Musulmanak izan dira Mendebaldeak onartutako indar nagusia, eraso inperialistaren abangoardia. Bitartean, Egipton, Mursi presidenteak eta Anaien gobernuak suntsitu egin nahi dute duela urtebete baino gutxiago iraultza baten promesa izan zena”.
Gainera, CIArekin eta Saudi Arabiako monarkiarekin dituzten harremanak aipatu ditu: “Saudiarabiarrak izan dira Anaidia gehien finantzatu dutenetakoak hainbat hamarkadatan, AEBek eta Mendebaldeko potentziek zeuzkaten motibo berdinengatik: nazionalismo arabiarraren eta estatu xiiten ‘lotsagabekeria’-ri aurre egiteko”.
Draitserrek ahobizarrik gabe eman die epaia: “Siriako irudi tragikoak ikusten ditugunean edo hamarnaka mila lagun Kairoko kaleetan, galdetu behar dugu zergatik behar izan den hainbeste denbora salatzeko, baita ulertzeko ere, halako erakunde zitala zer den. Erantzuna da, ohiko moduan, kapital globalaren interesei laguntzen diela, mundua nahastuta edukiz, jakin ez dezaten nor diren benetan aurrerakuntzaren etsaiak. Euren benetako izaera argitu, bakearen eta aurrerakuntzaren aldeko benetako indarrek baztertu ditzakete Anaia Musulmanak eta sistema inperiala, bere forma ireki eta ezkutuko guztietan”.