Zer da astelehen honetan Durangoko Azokan?


2016ko abenduaren 05an - 09:47
Argazkia: Durangoko Azoka

Durangoko Azokak berak honela zehazten du astelehen honetako programa:

Areto Nagusian, esaterako, ohiko moduan Gogoetaren Plazaren bi saio egingo dira. Eguerdiko 12:30ean “Istorio bat...nola haizatu” titulupean, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga eta Beñat Achiary musikaria arituko dira solasean. Arratsaldeko 18:30ean hasiko den mahai-inguruak, aldiz, “Andrazkoa, plazan” izenburua darama eta Iratxe Retolaza, Bego Montorio, Olatze Beobide eta Ane Labaka izango ditu parte-hartzaile. Areto Nagusian, bertan, 14:00etan Euskal Hedabideen Behategiari buruzko mahai-ingurua ere egingo da, etorkizunean datozen erronkak eztabaidatzeko. EHU-UPV, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Hekimen elkarteak parte hartuko dute bertan.

Kabi@n, berriz, software garapena izango da, hein handi batean, eguneko protagonista. Nabarmentzekoak dira, ildo horretatik, Interprest eta WIMMy gadget-aren aurkezpenak.

Txiki eta Handien Plazan, Saguganbaran, “Talentue plazara!” ekintza multidiziplinarra estreinatuko da. Haurrak oholtza gaineko protagonistak bihurtuko dira, beren sormena erakusteko emanaldi ezberdinak eskainiz. 15:00etatik aurrera.

Ahotseneako oholtza gainean, bihar, “Aldapan gora” dabiltzan Huntza taldekoak joko dute 12:20etan. Arratsaldean, berriz, Liher taldea egongo da 17:00etan, “Hauts” diskoa aurkezten. Horrez gain, aurtengo Banden Lehiaren irabazlea, Zazkel arituko da, 11:00etan.

Ahotsenea, solasaldietan, besteak beste, Oier Guillan, Alaine Agirre eta Patxi Larrion izango ditugu beren lanak aurkezten. Gainera, Xabier Payak eta Joxan Goikoetxeak, Xabier Leteren “Gabon, Txirrita” antzezlanaren proiektua ere aurkeztuko dute.

Irudienean, 2017an estreinatuko den Errementari film luzearen proiektuaren aurkezpena egingo da, 12:00etan. Beranduago, 13:00ean, “Ikuska. Ezina ekinez egina”, dokumental sailaren emanaldia egongo da. Iluntzean, berriz, 19:00etan, gazteen artean arrakasta itzela duen “GO!Azen" telesailaren 4. kapitulua estreinatuko da bertako aktore eta zuzendariarekin. 18:00etan zabalduko da takilla eta lehen 100 pertsonak sartu ahal izango dira aretoan.

Szenatokian, egun berezia izango da biharkoa, antzerki maratoia ospatuko denez. Antzezlan ezberdinen ordu laurdeneko zatiak antzeztuko dituzte, honako parte-hartzaileekin: Ixabel Milleten “Emoziotegia, emozioen hiztegia”, Arimaz taldearen “Oreka-tú”, Bazen Behin Clownen “Sexigentziak”, Atx Teatroaren “Bihotz Salataria”, Arteko Antzerki taldearen “Aukerak”, Kabia antzerki taldearen “Hiroshimako zuhaitza”, Lekeitoko antzerki taldearen “Muntu” eta Abarka antzerki taldearen “Besaulkiak”. Gainera, bata bestearen artean mokadutxoa jateko tartea egongo da da antzezle eta obren egileekin.

Plateruenan, azkenik, Skakeitan taldeak kontzertua eskainiko du 23:00etan.


Eguneraketa berriak daude