Hamar egun baino gutxiagoan, parlamentuko kideek euren buruari esleitutako pribilegio ganoragabeen aurkako ikasle-protestak, polizia-indarrek manifestari bat hil eta gero, benetako matxinada bilakatu dira.
Aldiberekotasun arrunt batek jarri du agerian askorentzat: Prabowo Subianto Indonesiako presidenteak bertan behera utzi behar izan ditu Tianjineko goi-bilkurara eta Pekineko desfilera hitzemanak zituen bisitaldiak eta, ziurrenik, NBEren Batzar Nagusian egin asmo zuen agerraldia ere bai. Munduko laugarren herrialde populatuena den eta musulman gehien dituenaren agintari gorenak aurreragoko lana du sutu zaion oldarraldi soziala amatatzen.
Gertatua, itxuraz, nahiko ulerterraza litzateke. Baina sutearen bizkortasunak berak erakusten du zein sukoia den azpian datzan giro soziopolitikoa. Hamar egun baino gutxiagoan, parlamentuko kideek euren buruari esleitutako pribilegio ganoragabeen aurkako ikasle-protestak, polizia-indarrek manifestari bat hil eta gero, benetako matxinada bilakatu dira. Egoitza ofizialei su eman diete manifestariek hainbat hiritan; ehunka pertsona daude zaurituta, eta are gehiago atxilotuta; eta abar. Eztanda izan da.
Ez litzateke zentzugabea, urrutiago joan gabe, duela urtebeteko aurrekaria, Bangladeshko Uztaileko Iraultza, gogora ekartzea. Eta, agian, oso gogoan izan du hura Prabowok bere agenda utzi eta giroa baketzeko ahaleginari ekin dionean. Poliziak hildako manifestariaren familiari doluminak zuzenean eman eta gertakaria guztiz argitzeko hitza emateraino.
Ezinegon sozialak, haatik, katramila gaiztoagoa du, ekonomiaren motelaldiaren karira hirietan, batez ere, Javan, pairatzen diren langabeziagatik eta pobreziagatik. Eta Trumpen muga-zergek, %19raino murriztuta ere, ez dute 2020ko atzeralditik atera nahian dabilen indonesiar ekonomiaren etorkizuna alaitzen, hartu-eman komertzial handienak, luzaz, Txinarekin eta ASEANeko (Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoa) herrialdeekin dituen arren.
Edonola ere, badu bere pipermina krisi horren kudeaketa pasa den urritik presidente den Prabowo Subianto jeneral ohiaren eskuetan ikusteak. Bera, Suharto diktadorearen suhia eta Armadako indar berezien buru ohia, izan zelako, beste inor baino zuzenago, 1998ko herri-matxinada, nahiko antzekoa hasiera batean, anabasa sozial higuingarri bihurtu zuena. Orduan, Indonesian beste batzuetan ere gertatu den moduan, baino askoz bortitzago, ezinegon sozioekonomikoa gutxiengo txinatar txiki baina ahaltsuaren aurkako benetako pogrom bihurtu zen, inoiz erabat argitu ez diren inguruabarrengatik.
Orduan beharbada hauspotu zuen xenofobia amatatzen saiatuko da Prabowo orain, zalantzarik gabe. Jakin badakielako 1998ko Txina ez dela egungoa. Eta gutxiagoren aurrean ere, oraingoa ez litzatekeela konformatuko orduan bezala hitzezko kexuak aurkeztuz.
Oraingoz, argi ibiltzeko deia besterik ez die egin Pekinek bereei. Baina adi dago, bistan denez.