argia.eus
INPRIMATU
Esaren handitze lanen aurkako dokumentala finantzazio bila
  • Zer ari da gertatzen Esa urtegian? Handitze lanek zer-nolako kalteak eragin dituzte? Lur mugimenduek zenbat herritar kaltetu dituzte? Nortzuk ateratzen diote etekina makro-proiektu honi? Galdera horiei erantzutea du xede René Petiten amesgaiztoak dokumentalak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 28a
Esa urtegia, handitze lanen aurkako erresistentziaren ikur bilakatu den Aragoiko Artieda herritik ikusia (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Crowfounding bidez finantzatuko dute Lanak Gelditu, Río Aragón eta Eguzki Bideoak kolektiboek. Verkami webgunearen bidez egin daitezke ekarpen ekonomikoak, 10 eurotik 500 eurora artekoak. 40 eguneko epea dago horretarako. Sustatzaileek 14.000 euro biltzea dute helburu.

Lur mugimenduak

Aipatu kolektiboek nabarmendu dutenez, 2001ean hasi ziren arazo teknikoak –duela 50 urte René Petit injeniariak eraiki zuenean hala gertatuko zela esan zuen– eta lanak amaitzea "oso larria" litzateke. Esa herriko 76 etxe hustu behar izan dituzte eta eskuinaldeko maldaren lerradurengatik ez dago jakiterik noiz itzuliko diren.

"Aukeretako okerrena da posibleena egun", diote: "Azpiegituraren kolapsoak milaka lagunentzako hondamendia eragingo luke: urak gainezka egiten badu 16 minutuan Zangozan (5.177 biztanle) legoke".

Dokumentalari dagokionez, arazo geologikoetan oinarritutako lana izango da: "Biztanleengan izango dituen ondorioak aztertuko ditugu eta garapenkerian oinarritutako eredua zalantzan jarriko da, babes ideologikoa ematen dietenen argudioak aztertuz. Urtegiaren segurtasun faltaren gainean kontzientzia hartzeko balioko du. Esako urtegiak eta Plan Hidrologiko Nazionalak etorkizuna hipotekatzen dutela azalduko dugu".

"Lasaitasun erlatiboko" mezua zabaldu du Zangozako alkateak

Angel Navallas Zangozako alkateak Esako handitze lanen inguruko informazio gehiago emateko galdegin die Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (CHE) eta dagokien gainerako erakundeei. "Ez gaitzatela engaina", eskatu du. "Presa hainbat milimetro igo da. Ebidentzia bat da, CHEren txostenak jaso du".

Zangozako EH Bilduk, bestalde, handitze lanak geratzeko eskatu du.